Migratzailearen Eguna
Populismo xenofoboen aurkako eta immigrazioaren aldeko itun bat proposatu du Urkulluk
Agentziak | Erredakzioa
Lehendakariaren hitzetan, “Europar eta euskal gizarteak, bereziki, ongizate ereduari eusteko immigrazioa behar dute”.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Migratzailearen Nazioarteko Egunean, 'Immigrazioaren aldeko Itun sozial' bat proposatu du Iñigo Urkullu lehendakariak, Europar Batasuneko herrialdeetan, eta Estatuan ere, ematen ari diren “populismo xenofoboei” aurre egiteko. “Demagogiaz baliatuta egituratu eta hedatzeko” asmoa dute, gizartean “sakon sartzeko” helburuarekin, ohartarazi duenez. Erakunde eta gizarte eragileen ekarpenei zabalik dago proposamena.
Migratzailearen Nazioarteko Egunean, Itun Sozialaren Proposamenarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren agiri bat aurkeztu du Urkulluk, “migrazioaren erronkari aniztasunetik, elkartasunetik eta beharrizanetik erantzuteko”.
Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuak eta Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzarako idazkari nagusiak lehendakaria lagundu dute. Urkulluren hitzetan, “Europar eta euskal gizarteak, bereziki, ongizate ereduari eusteko immigrazioa behar dute”. Horregatik, proposamena Europan azaleratzen ari diren populismo xenofoboen aurrean “aukera” bat da, erantsi duenez.
Euskadi igarobidean dauden etorkinentzako “pasadizo” bat dela goraipatu du Urkulluk, baita berehalako kanporatzeentzako ere. Horregatik, “Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan ezarritako politiketatik ezin dugu ihes egin”, gogorarazi du.
“Testuinguru horretan demagogiak tokia aurkitzen du, Europar Batasuneko herrialde batzuetan ematen ari den populismo xenofoboek bultzatuta, eta gizartearen irakurketan sakon eragiten du horrek”, nabarmendu duenez.
Era berean, Estatuan “alderdi politikoen hitzaldi xenofoboak” entzuten ari direla kritikatu du Urkulluk, baina Espainiako Estatuaren “esklusiba” denik ukatu du.
Besteak beste, “arauzko immigrazioa”, “paperik gabekoa”, eragile ezberdinen arteko “erantzukizun partekatua”, bidaiderik gabeko gazte eta adingabe atzerritarrak edo elkarbizitza kulturari lotutako hamar konpromiso jasotzen ditu dokumentuak. Erakundeek eta gizarte eragileek 2019ko ekainera arte izango dute orain euren ekarpenak egiteko.