Itxi

Eusko Legebiltzarra

Beltran de Heredia: 'Ertzaintzak hanka-sartzeez ikasi eta hobera egin du'

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Segurtasun sailburuak Legebiltzarreko batzordean agerraldia egin du, EH Bilduk eskatuta, Cabacas auziaren epaia aztertzeko. “Gezurretan” aritzea leporatu dio Manuel Cabacasek Beltran de Herediari.

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua Legebiltzarreko batzordean. Argazkia: EFE

Iñigo Cabacasen hilketaren ondotik Ertzaintzak “hanka-sartzeez ikasi” egin duela ziurtatu du gaur Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. Beltran de Herediaren ahotan, Ertzaintzak “hobera” egin du eraldaketa sakona aurrera eraman ondoren, “antzekorik berriz ez gertatzeko”.

Segurtasun sailburuak Eusko Legebiltzarreko batzordean agerraldia egin du, EH Bilduk eskatuta, Cabacasen hilketaren inguruko epaia aztertzeko. Gomazko pilota batek Athleticeko jarraitzaile gaztea hil zuen Ertzaintzaren karga batean, 2012an, Bilbon.

Sententziaren berri izan eta egun batzuk geroago, Jorge Aldekoa Ertzaintzako buruzagiak dimisioa eman zuen. Aldekoak lekuko gisa deklaratu zuen epaiketan. Gertakariak jazo zirenean Bilboko polizia-etxearen arduraduna zen Aldekoa.

Duela sei urte kargura heldu zenean, ordena publikoaren kudeaketa eta antolakuntza egitura aldatzeko prozesuarekin aurrera jarraitu zuela errepikatu du sailburuak.

Horrela, Brigada Mugikorraren ekiteko moduak aldatu direla azaldu du Beltran de Herediak. Desordena publiko egoeratan protokolo berri bat martxan jarri dute, zuzenean arau-hausleen aurka egiteko, “zehar-kalteak” murrizteko.

“2012ko abendutik ez dira berriro gomazko pilotak erabili, hori da aldaketaren ikur”, gaineratu du.

EH Bilduk ikerketa oztopatzea leporatu izana kritikatu du sailburuak. “Guztiz faltsua da”, epaitegiek eskatutako “informazio guztia Sailak igorri duela badakite”, erantsi duenez.

Informazioa desitxuratzea eta “erdizkako egiak” erabiltzea egotzi dio Beltran de Herediak koalizioari. “Elkarbizitza, elkarrizketa eta normalizazio” egoera baterantz bidea egin beharko lukeela iradoki dio ezker abertzaleari. Aldekoaren dimisioari dagokionez, “keinuak haren figura goratzen” duela esan du sailburuak.

Manuel Cabacas: "Aurpegira gezurra esan diezadala, ausartzen baldin bada"

Manuel eta Josefina Iñigoren gurasoek agerraldia alboko areto batetik jarraitu dute. Jone Goirizelaia abokatu eta EH Bilduko legebiltzarkideak lagundu ditu.

Sailburuak amaitu duenean, “gezurretan” aritzea egotzi dio Manuel Cabacasek Beltran de Herediari, epaileari frogak ukatu zizkiolako, ez ziolako justiziari lagundu eta guzti honetan ETA nahastu nahi izan duelako.

Familiak Gasteizko Ganberan agerraldia egitea eskatuko duela iragarri du Iñigoren aitak. “Aurpegira gezurra esan diezadala, ausartzen baldin bada”, adierazi du.

Iñigoren gurasoak elkarretaratzea egin duten manifestariak agurtzen, Eusko Legebiltzarraren aurrean, Gasteizen. Argazkia: EFE

Julen Arzuagaren (EH Bildu) hitzetan, sententzia “gogorra Sailarentzako kolpe” bat da; are gehiago, ikerketa “eskasaren” eta Segurtasun Sailaren “erabateko porrota” da.

Cabacasen heriotza “Ertzaintzaren historian krisirik larriena” izan dela onartu du Iñigo Iturratek (EAJ). Ertzaintzari “kalterik handiena egin dion gertakaria” izan dela gaineratu du jeltzaleak.

Auzian erantzukizun politikoak daudela uste du Edurne Garciak (Elkarrekin Podemos), Poliziaren eredua esparru politikoan erabakitzen delako. Ertzaintza barruan ikerketa “eskasa” izan dela erantsi du.

Patxi Lopezen legealdian martxan jarritako protokoloen hobekuntza goraipatu du Alexia Castelok (PSE-EE).

“Ertzaintzaren aurka” egiteko auzia “politikoki” erabili izana deitoratu du Nire Llanosek (PP), baina Aldekoa “justiziaren jomuga” zenean Ertzaintzako buruzagi izendatu izana aurpegiratu dio sailburuari.

Elkarretaratzea egin dute Eusko Legebiltzarraren aurrean, Gasteizen. Argazkia: EFE

Albisteak (4)