GABONETAKO LOTERIA
Gabonetako Loteriaren sari nagusiak 186 milioi euro utzi ditu Gernikan eta Bilbon
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
03347 izan da zenbaki saritua eta sariak oso banatuta egon da. Lehen sariaren dezimo batzuk saldu dira Zarautzen, Donostian, Lasarten, Derion, Fiteron eta Iruñean ere.
Your browser doesn’t support HTML5 video
03.347 zenbakiari egokitu zaio aurten Gabonetako Loteriaren sari nagusia. Zenbaki hori duen bakoitzari 400.000 euro egokitu zaizkio, eta zortedunetako batzuk Euskal Herrian bizi dira.
Gernikan, adibidez, sari potoloaren 30 serie saldu dituzte, 300 dezimo, alegia. Eta beste 16 Bilbon, Ledesma kaleko Loteria Administrazioan.
Gainera, sari nagusiaren 2 dezimo saldu dituzte Zarauzko Eroskin eta dezimo bana Lasarten, Donostian, Derion, Fiteron eta Iruñean.
400.000 euroko saria eskuratu du irabazle bakoitzak, eta Ogasunari zor zaiona ordainduta, 322.000 eurona poltsikoratuko dituzte dezimoen jabeek.
Gernika: Ilusioa eta poza bor-borka
Joana, Gernikako San Juan kaleko Loteria administrazioko jabea, elkarrizketatu dute Euskadi Irratian. Pozarren zegoela adierazi du, 03.347 "zenbaki berria" zutela eta duela lau urte laugarren sari bat eman bazuten ere, sekula ez zutela horrelako saririk banatu. Izan ere, 120 milioi euro banatu dituzte herrian.
Alboka tabernan, Gernika erdialdean dagoen janari tradizionaleko lokalean saldu dira, antza denez, Administrazio honetatik atera zien ia serie guztiak. Beraz, ohiko bezeroei egokituko zitzaiela pentsatzen dute.
Bilbo: 66 milioi banatu dituzte enpresen artean
Ledesma kaleko Loteria Administrazioak zabaldu du poza Bilbon. Hasiera batean, Gernikan bezala, 30 serie saldu zituztela zabaldu bada ere, ondoren zuzendu egin dute datua eta jaso 30 serie jaso bazituzten ere, azkenen, 13 dezimo bueltatu zituztela jakin da. Guztira, 16 serie eta 7 dezimo saldu dituzte Administrazio horretan eta 66 milioi eta 800.000 euro banatu dituzte bezeroen artean.
Maribel Pecharroman arduradunak azaldu duenez, "zenbaki hori ez zuen berez inork espresuki eskatu, nik aukeratu nuen eta gero hainbat enpresatan banatu nuen". Enpresez gain, hainbat dezimo leihatilan saldu omen zituen, eta ondorioz, dirua oso banatuta egongo dela pentsatzen du. Jende asko gerturatu da gaur eguerdian hara ospatzera, "poteo" leku oso ezagunean baitago.
Fitero: Bazar bateko makinan saldutako dezimoa
Fiteron, bazar bateko makina batean saldutako dezimoari egokitu zaio Gabonetako Loteriaren sari nagusia. Duela hiru hilabete hartu zuten lokala jabeek, aurrekoak jubilatu ostean eta ezin sinetsita zeuden horren denbora gutxian zer nolako saria eman duten.
Iruñea: duela urtebete erositako administrazioak banatu du saria
55 eta 54 urteko bikote batek erosi zuen duela urtebete San Nikolas kaleko loteria administrazioan eta hantxe egokitu da sari nagusia. 03.347 zenbakiaren dezimo bat saldu dutela azaldu du Tomas Ariztia jabeak. Horien kasuan ere lehen aldia da horrelako sari bat ematen dutena.