Haurtzaroa babesteko legea
Adingabeei egindako sexu delituek ez dute preskribatuko biktimak 30 urte bete arte
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuak legea moldatzea onartu du gaur. Berrikuntzen artean, delitu horiengatik kondenatutako pertsonen zigorrak betetzeko baldintzak gogortuko ditu araudiak.
Espainiako Gobernuak Haurtzaroa eta Nerabezaroa Indarkeriarengandik babesteko Legea onartu du gaur. Berrikuntza nagusiena adingabeei egindako sexu delitu larrienen preskripzio epea handitzea da: aurrerantzean, delituak ez du preskribatuko biktimak 30 urte bete arte. Orain arte, adin-nagusitasunarekin batera hasten zen kontatzen, eta delituaren larritasunaren arabera, 5-15 urte gerorago preskribatzen zuten.
Araudi berriak Zigor Kodea aldatzea ekarri du, eta adingabeei egindako delitu larrienei eragiten die, hots, hilketa saiakera, sexu gehiegikeri eta abusuak, larriagotutako lesioak, ohiko tratu txarrak eta adingabeen salerosketa.
Adin txikikoei egindako indarkeria mota guztiak bildu dituzte legean: tratu txar fisikoak, psikologikoak, emozionalak, eraso sexualak, baina baita zigor fisikoak eta tratu desegokiak ere. Internet eta teknologia berrien bidez egindako indarkeria ere zigortuko dute aurrerantzean.
Horrez gain, delitu horiengatik kondenatutako pertsonen zigorrak betetzeko baldintzak gogortuko dituzte. Hori horrela, zigorraren erdia bete arte presoek ezingo dute baimenik izan, eta ezingo dira hirugarren gradura pastu. Baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera ere zailduko dute lege berriaren bitartez.
Sexu delituetan eta adingabeen salerosketa kasuetan, zigorraz gain, adingabeekin harreman zuzena eta ohikoa izatea eskatzen duten lanbideetan aritzeko gaitasungabetzea ezarriko zaie kondenatuei.
Halaber, adin txikikoen bigarren mailako biktimizazioa saihesteko neurriak hartuko dira. Gauzak horrela, testuak legezko ordezkariaren edota Ministerio Fiskalaren esku uzten du adin txikikoak epaiketan deklaratu behar duen ala ez erabakitzea. Gainera, biktimaren senide eta aldi berean lekuko direnei epaitegian aurkeztera behartuko zaie (orain arte salbuetsita zeuden).
Azkenik, instrukzioko epaileei aldez aurretik eratutako frogara —epaiketan erreproduzitu behar ez dena— jotzea behartzen die biktimak 14 urte baino gutxiago dituenean. Ondoren, epaiketaren ardura izango duen epaileak edo epaimahaiak ezin izango du, salbuespenak salbuespen, deklaratzera deitu adin txikiko biktima.