Itxi

Indarkeria matxista

La Manadaren bost kideek aske jarraituko dute, Nafarroako Auzitegiaren erabakiz

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Epaile batek boto partikularra eman du. Beste bi magistratuen ustez, ez dago ihes egiteko eta delitua berriz egiteko arriskurik. Nafarroako Gobernuak erregu-errekurtsoa aurkeztuko du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

La Manadaren bost kideek baldintzapean aske jarraituko dute, Nafarroako Lurralde Auzitegiko Bigarren Sekzioko epaileek gaur erabaki dutenez. Bi epailek (Ricardo Gonzalez eta Raquel Fernandino) bozkatu dute libre jarraitzearen alde, eta beste batek kontra (Jose Francisco Cobo Aretoko presidentea).

Hori horrela, Auzitegi Gorenak epai irmoa eman arte, aske egongo dira bost gizonak.

Auzitegi horrek emandako zigorra (bederatzi urtekoa, sexu abusuengatik) berretsi zuen abenduan Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Fiskaltzak, akusazio partikularrak (biktimaren abokatua) eta herri akusazioek —Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua— bost gizonak espetxean sartzea eskatu zuten. Eskaera hori baztertu egin du orain Lurralde Auzitegiak.

Jose Francisco Cobo Bigarren Sekzioko presidenteak boto partikularra eman du bost zigortuak kartzelara sartzearen alde. Argudiatu duenez, bost gizonen kontrako bi epai daude (Lurralde Auzitegiarena eta Auzitegi Nagusiarena), eta bietan "nahikoa larria" den delitu batengatik zigortu dituzte (9na urteko kartzela zigorra).

Ihes egiteko edota delitua berriz egiteko arriskurik ez

Ostegun honetan kaleratutako autoan azaldu dutenez, "jurisprudentzia aintzat hartu behar dugu, izan ere, Auzitegi Nagusiak Sala honek emandako epaia berretsi izana ez da nahikoa akusazio guztiek eskatzen duten erabaki hori hartzeko".

Bi epaileen ustez, "baldintzapeko espetxeratzeak ezin du zigorra aurretiaz betetzeko helburua izan, ezta xede zigortzailerik eduki. Alde horretatik, ezin dugu ahaztu auzipetuak 2016ko uztailaren 7tik 2018ko ekainaren 22ra, ia bi urtez, egon zirela kartzelan".

Argudiatu dutenez, libre geratu zirenetik zigortutakoek "ezarri genizkien baldintzak bete dituzte". Ihes egiteko arriskurik ez dute ikusi epaileek, ezta delitua berriz egiteko arriskurik ere. Azken horren harira Angel Bozaren kasua aipatu dute bi magistratuek. Gogorarazi dutenez, libre egon den sei hilabeteotan Boza "bi delitu arinengatik zigortu dute: bat lesioengatik, eta bestea lapurretagatik. Hasiera batean indarkeriaz egindako lapurreta eta lesioak leporatu zizkioten, baina azkenean bi delitu arinengatik zigortu zuten; gainera, gertakariok ez dute sexu abusuen delituarekin zerikusirik".

Pozoblancoko (Kordoba) epaitegian zigortutako lau gizonen kontra abiatutako auzia —beste bortxaketa bat ikertzen ari dira han— aipatu dute magistratuek, baina horrek ere ez omen du auzi horretan eraginik. "Oraindik ez dute epaiketarik egin, eta baldintzapeko kartzelaldirik ere ez da ezarri", erantsi dute.

2018ko ekainaren 22tik daude aske La Manadako bost kideak.

Erregu-errekurtsoak

Carlos Bacaicoa biktimaren abokatuak nabarmendu duenez, "okerra" da Auzitegiaren erabakia eta erregu-errekurtsoa aurkeztea aztertzen ari dela gaineratu du.

"Bagenekien zein izan behar zen bi epaileren botoa, beraz, Raquel Fernandino epailearen esku zegoen dena. Zigortutakoak aske mantentzearen alde egin du azkenean", azaldu du

 

Biktimaren abokatua: "Luze joko du Gorenaren erabakiak"

 

Bacaicoaren hitzetan, orain Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain egon behar dira, baina ohartarazi du "luze" joko duela. Dena dela, espero du gertakariak "sexu eraso" jotzea, orain arte ez bezala.

Nafarroako Gobernuak —herri akusazioetako bat da—, bestalde, esan du erabakiaren "erabat kontra" dagoela eta erregu-errekurtsoa aurkeztuko duela iragarri du.

Azkenik, Agustin Martinez Becerra bost gizonen defentsa abokatuak pozez hartu du erabakia. Horren ustez, kartzelatzeko eskaerak "desegokiak eta justifikazio bakoak" ziren.

Martinez Becerrak adierazi duenez, "ez dira politika eta justizia nahasi behar".


_____________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Albisteak (3)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)