Gipuzkoa
12 pertsona etxetik atera dituzte Oñatin, sute baten ondorioz
eitb.eus
Bestalde, 51 urteko emakume bat zauritu da Igeldon, kea arnastuta. Kasu honetan, gertakaria baserri batean jazo da. Dirudienez, galdara batek matxura izan du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
12 pertsona, horien artean zazpi adingabe, artatu behar izan dituzte Oñatin (Gipuzkoa). Sute bat izan da etxebizitza batean, Maiatzaren Lehena plazan, Ertzaintzako iturriek eitb.eus-i baieztatu diotenez.
Antza denez, sua etxebizitzako atarian hasi da 03:25 aldera. Sua eskaileretatik igo eta kea eraikin osoan zabaldu da.
12 biktimak bertan artatu behar izan dituzte; izan ere, kea arnastu dute.
Bizilagunak oraindik ez dira etxera bueltatu, eta senitartekoen etxeetan igaro dute gaua. Etxebizitzak egurrezko egitura du. Lau solairu ditu, eta suak etxaberen bati ere eragin dio.
Igeldo
Bestalde, 51 urteko emakume bat zauritu da Igeldon (Donostia), kea arnastuta. Kasu honetan, gertakaria baserri batean jazo da 02:30 aldera.
Dirudienez, galdara batek matxura izan du. Antza denez, auzoko batek aurkitu du biktima. Emakumea konorterik gabe zegoen Ertzaintza heldu denean.
Ertzainek biktima suspertzea lortu dute. Ondoren, osasun-langileek emakumea Donostia Ospitalera eraman dute.