Lekukoentzako azken saioa
Baliteke hilketaren bideoan agertzen den gizona Ibar ez izatea, aditu baten hitzetan
Agentziak | Erredakzioa
Bideo-irudietan aditua den profesional baten ustez,segurtasun kameraren grabazioak daukan xehetasun falta dela eta, ezin da fotogrametan agertzen den gizona Pablo Ibar denik ziurtatzea.
Bideo-irudietan aditua den profesional baten esanetan, 1994an hilketa hirukoitza gertatu zen lekuko segurtasun kameraren grabazioak daukan xehetasun falta dela eta, ezin da fotogrametan agertzen den gizona Pablo Ibar denik ziurtatzea.
Fiskaltzak George Scaluba FBIko aditua deitu du deklaratzera Pablo Ibarren aurkako laugarren epaiketaren baitan lekukoak aurkezteko azken saioan; Scalubaren ustez, bideo kamerako grabazioaren irudiei "xehetasuna falta zaie".
Hori dela eta, zuri-beltzean eta bereizmen gutxirekin grabatutako bideoaren fotograma ugari hartu eta Ibarren beste hainbat argazkirekin laborategian aztertu ostean, ezin du akusatua "identifikatu ezta bera ez denik esan ere".
Benjamin Waxman defentsako abokatuaren galderen harira, Scalubak esan du ezin duela esan "dudarik gabe" bideoan agertzen den susmagarria Ibar denik. Bideo horren arabera, Ibarrek Casimir Sucharski gaueko klub bateko jabea, eta Sharon Anderson eta Marie Rogers klub horretako bi langile hil omen zituen.
Bideo horrek erabateko garrantzia dauka Ibarren auzia argitzeko; izan ere, Ibarrek 24 urte darama espetxean, horietako 16 heriotza-zigorra ezarrita; baina, 2016an Floridako Auzitegi Nagusiak Ibarren kondena bertan behera utzi zuen frogen ahulezia zela eta, eta epaiketa errepikatzea agindu zuen.
Irregulartasunak frogen zaintzan
Bestalde, epaiketan zalantzagarria izan den beste auzietako bat frogen kustodiarena izan da, hainbat bideo zinta denboraldi batez desagertu baitziren, eta berriro agertu zirenean horien zati bat ezabatuta baitzegoen.
Hori dela eta, Fiskaltzak Charles Hall, frogak gordetzeko auzitegiko bulegoko ordezkarietako bat, deitu du deklaratzera, frogak gordetzeko jarraibidea jarraitu zuela esan baitzuen hark.
Hala ere, Joe Nascimentoren galdetzeko txandan argi gelditu da froga horiek kutsatuak egon daitezkeela, ez baita "erabat egia" kustodia katea osorik bete zenik.
Ildo horretan, kustodia kateko frogen inguruko bideo batean ikusi ahal izan da Chuck Morton fiskala, 1990an, frogak zigilatu gabeko poltsetatik eskularrurik gabe hartzen.
Nascimentoren esanetan, frogak ukitzeak "horien izaera" aldatzen du.
Fiskaltzak azken argudioak aurkeztuko ditu asteazken honetan; ondoren, defentsaren azken txanda izango da, eta amaitzeko, epaimahaiak auziaren inguruan hausnarketa egiteko denbora izango du. Candido, Pablo Ibarren aitak Efe albiste agentziari jakinarazi dioenez, epaiketan agerian gelditu diren "zalantza" guztien ondorioz, errugabea deklaratu behar dute semea.