PABLO IBAR AUZIA
Apelazioa da Pablo Ibarri geratzen zaion azken itxaropena
EITB.EUS
Abokatuak ari dira jada apelazioa prestatzen. Aurrera ateraz gero, epaiketa berria egon daiteke bi urtean. Heriotza zigorra ez ezartzea da orain duten aurreneko helburua.
Pablo Ibar errudun jo eta 24 ordu igaro diren honetan, bere abokatuak ari dira jada apelazioa prestatzen. Konbentzituta daude argi eta garbi erakutsi zutela errudun izendatzeko zalantzazko elementu irmoak zeudela, eta lur jota geratu dira epaimahaiaren erabakiarekin, baina borroka ez dela amaitu defendatzen dute.
Otsailaren amaieran, hilaren 25ean ziur aski, erabaki hau hartu duen epaimahai berberak heriotza zigorra edo bizi osorako kartzela zigorra ezartzen dion erabaki behar du. Behin erabaki hori hartutakoan, bere abokatuek epaiari errekurtsoa ezarri ahal izango diote, eta hala egingo dutela iragarri dute jada. Lehen helburua, heriotza zigorra ez ezartzea izango da.
Heriotza zigorrera kondenatzen badute, Auzitegi Gorenaren aurrean jarriko dute helegitea, eta bizi osorako kartzela zigorra ezartzen badiote, Floridako Auzitegi batean. Batean zein bestean, apelazioak aurrera eginez gero, beste epaiketa bat egon daiteke hemendik bi urtera.
Benjamin Waxman Ibarren abokatuetako batek azaldu duenez, gertatu dena ondo aztertu eta estrategia hoberena zein izan daitekeen erabaki behar dute:
80 urte betetzear den Candido Ibarrentzat, gehitxo izan daiteke denbora hori: "Berehala apelatuko dutela esan didate, eta ez dela orain artekoa bezain luzea izango, baina dena dela, hiltzekoa da hau" hausnartu du ETBko kameren aurrean. Ez du jada Floridako auzitegiengan batere konfiantzarik.
Epaimahaiaren erabakia oso bestelakoa izango zela espero zuen Candido Ibarrek, bere familia osoak bezala. Anttoni Ibar, Pabloren izeba, elkarrizketatu dute gaur goizean Euskadi Irratian. Hark, besteak beste, kontatu du anaiak esana ziola urtarrilean Pablorekin etorriko zirela Euskal Herrira, familia bisitatzera: "Pablo urtarrilean Euskal Herrira etortzeko asmotan zen".
Pablo Ibarrek sona handiko ordezkaritza legala du (milioi bat eurotik gora kostatu da) eta epaiketan zehar, bere garaian Ibar zigortzeko erabili ziren frogak ez direla fidagarriak edo nahikoak frogatzen saiatu ziren. Fiskalak krimenaren bideo bat erakutsi zuen, adibidez, Pablo Ibar hiltzailetzat identifikatuz. Ibarren abokatuek zalantzan jarri zuten bai bideoaren kalitatea baita han ageri den pertsonaren eta Ibarren aurpegiko ezaugarriak berdinak direnik. Hilketak izan ziren tokian ez zela Ibarren hatz markarik ez DNA arrastorik agertu ere nabarmendu zuten. 2016an fiskalak iragarri zuen, azken teknikei esker, hiltzaileak aurpegia estaltzeko erabilitako kamiseta batean Ibarrena litzatekeen DNA arrasto bat agertu zela. Honen abokatuek, ordea, arrasto hori probak gaizki erabiltzearen ondorioz gertatutako kutsadura baten ondorio zelan esan zuten, eta beste susmagarri bat legokeela frogatuko luketen bi bideo desagertu zirela ere salatu zuten.
Dena dela, ezin izan dute zalantza sortu epaimahaian, eta honen esku geratu da orain Ibarren etorkizuna.