Indarkeria matxista
Zazpi urteko zigorra eskatu dute La Manadako lau kiderentzat, Pozoblancoko auzian
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2016ko maiatzean, emakume gazte bati sexu-abusuak egin izana egotzi diete. Iruñeko bortxaketa ikertzen ari zirenean egin zen publiko Pozoblancoko auzia.
Kordobako Fiskaltzak zazpi urteko kartzela-zigorra eskatu du La Manada taldeko lau kiderentzat, 2016ko maiatzean, Pozoblancon, neska bati egindako sexu-erasoagatik. Zehazki, sexu-abusu delitua eta intimitatearen kontrako delitua egotzi diete.
Gainera, horietako bati 720 euroko isuna ezartzea galdegin du, biktimari eragin zizkion zauri arinengatik.
Halaber, auzipetuak 4.500 euroko eta 6.000 euroko kalte-ordainak ematera zigor ditzatela eskatu du Fiskaltzak, emakume gazteari eragindako kalte fisikoa eta moralagatik.
Gertakariak 2016ko maiatzaren 1ean jazo ziren Pozoblancon, baina kasua hilabete batzuk geroago egin zen publiko, urte hartako sanferminetan neska bati egindako bortxaketaren ikerketaren baitan, hain zuzen ere.