Itxi

Florida (AEB)

Pablo Ibar errudun jo zuen epaimahaiko kide batek atzera egin du bere erabakian

eitb.eus

Leer en Castellano

Zinpekoen epaimahaiko pertsona bat Bailey epailearen auzitegiarekin harremanetan jarri zen asteartean, erabakiaren berri emateko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Pablo Ibar errudun jo zuen herri-epaimahaiko kide bat Bailey epailearen auzitegiarekin harremanetan jarri zen asteartean, 08:35ean, eta bere erabakian atzera egin nahi zuela jakinarazi zion, Pablo Ibar Heriotza-zigorraren aurkako Elkarteak agiri batean aurreratu duenez.

Ibar errudun edo errugabe jotzeko erabakia aho batez hartu beharrekoa zen. Beraz, prozedura baliogabe jo dezakete, eta epaiketa berri bat beharrezkoa izango litzateke, baina azken hitza epaileak du.

Horregatik, pertsona hori identifikatzeko mozio bat aurkeztu du Ibarren defentsak. Gainera, epaimahaia zinpekoen hausnarketa egiteko berriz elkartzea eskatu du euskal jatorriko estatubatuarraren abokatuek.

Horrela, 2019ko urtarrilaren 22an Auzitegiko langileekin harremanetan jarri zen herri-epaimahaiko kidearen nortasuna jakitera ematea eskatu diote Ibarren abokatuek epaileari.

Bestalde, epaimahaiko bi kide elkarrizketatzea eskatu du defentsak. Alde batetik, bere erabakian atzera egin duen kidea, eta bestetik, haren ordezkoa, Black jauna.

"Erabakia juridikoki zalantzan jar daiteke; kanpo presio desegoki baten emaitza izan daitekeelako edo epaimahaiak hausnarketarako arauak bete ez dituelako"

Funtsean, epaimahaiak hausnarketarekin jarraitzea nahi du defentsak.

Iragan larunbatean epaimahaiak Pablo Ibar errudun jo zuen berriro, 1994an hiru pertsona hiltzea egotzita, auziaren laugarren epaiketan. 12 pertsonak osatutako epaimahaiak aho batez hartu zuen erabakia. Euskal jatorriko estatubatuarrari heriotza-zigorra berriz ezartzea eskatu du Fiskaltzak. Zigorra epaileak erabaki behar du orain.

Epaimahaiko kide bat auzitegiarekin harremanetan jarri zen, “horretarako izan zuen lehenengo aukeran, epaimahaia iragan larunbatean Auzitegitik atera ondoren”, Ibarren defentsak azaldu duenez.

“Auzitegiak berehala jakinarazi zien defentsari eta fiskaltzari, baina epaimahaiko kidearen nortasuna ez zuen zehaztu”, erantsi duenez.

“Hausnarketa nola egin zen ikusita, epaimahaiko kide honen atzera egitearekin batera, erabakia juridikoki zalantzan jar daiteke; kanpo presio desegoki baten emaitza izan daitekeelako edo epaimahaiak hausnarketarako arauak bete ez dituelako”, uste dute Ibarren abokatuek.

Amaia Uribe ETBko berriemaileak azaldu duenez, epaileak hiru aukera ditu: Ibar errudun jo zuen epaia mantentzea; herri-epaimahaiaren hausnarketa berri bati bide ematea; edo prozesu oso baliogabetu eta beste epaiketa bat egitea.

Albisteak (1)

Bideoak (1)