Kargatzen...
Itxi

Kanporatzea

Marokok Nafarroako hiru ekintzaile kanporatu ditu Mendebaldeko Saharatik

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Saharako Lagunen Nafarroako Elkarteko kideak dira: Maria Perez de Larraya, Iratxo Bakedano eta Alberto Jolis. 'Saharar herriak pairatzen duen errepresioa' salatzeko joanak ziren Aaiunera.

Kanporatutako hiru ekintzaileak Ahmed Ettanjirekin. Argazkia: @Equipe_Media @AhmedEttanji

Marokoko Poliziak Saharako Lagunen Nafarroako Elkarteko (ANAS, gazteleraz) hiru ekintzaile kanporatu berri Aaiunetik (Mendebaldeko Sahara), horietako batek, Maria Perez de Larrayak, EFEri telefono bidez baieztatu dionez.

Perez de Larrayaren esanetan, elkarteko hiru kideek lau egun zeramatzaten hiri sahararrean, kazetari saharar independentistek gonbidatuta. Atzo atzeman zituen Poliziak, eta handik ateratzeko eskatu zien. Perez de Larrayarekin batera, Alberto Jolis eta Iratxe Bakedano kanporatu ditu Marokok.

"Saharako herriak pairatzen duen errepresioa, baliabide naturalen espoliazioa eta militarren zaintza" salatzeko asmoa zuten ekintzaileok.

"Agadir hiria —Aaiunetik 600 bat kilometrora— jomuga, taxi batean sartu gintuzten", kontatu du Maria Perez de Larrayak. Handik, Marrakexera joan ziren, ostegunean Espainiako Estatura bueltatzeko hegaldia baitute handik.

Ekintzaileak aurreratu duenez, azalpen gehiago emango dituzte Iruñera heltzen direnean.

Oso ohikoa da Marokok Mendebaldeko Saharara joandakoak (ekintzaileak, abokatuak, kazetariak, zinegotziak eta eurodiputatuak) kanporatzea, "independentziaren aldekotzat" jotzen baititu. 2016an, esaterako, 97 pertsona kanporatu zituzten arrazoi horiengatik, Saharako gobernuz kanpoko erakunde batek emandako datuen arabera.