Itxi

INDARKERIA MATXISTA

'La Manada' taldeko bost kideek aske jarraituko dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Nafarroako Auzitegiak atzera bota ditu akusazioek aurkeztutako erregu-errekurtsoak ihes egiteko eta delitua berriro egiteko arriskurik ez dagoela iritzita. Beste behin, zatituta agertu da epaimahaia.

Your browser doesn’t support HTML5 video

"La Manada" taldeko bost kideek aske jarraituko dute behin-behinean, Nafarroako Auzitegiak akusazioek aurkeztutako helegiteak atzera bota ostean. Nafarroako Auzitegiak 9 urteko kartzela-zigorra ezarri zien 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren bost egileei, sexu-abusuen delituagatik.

Akusazio partikularrak eta herri-akusazio gisa aritu diren Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak erregu-errekurtsoak aurkeztu zituzten, urtarrilean Nafarroako Auzitegiak "La Manada"ko bost kideak ez espetxeratzea erabaki ostean. Fiskaltzak bat egin zuen akusazioekin.

Nafarroako Auzitegiko Bigarren Aretoa, beste behin, zatituta agertu da. Hiru magistratuetako bik babestu dute bost kondenatuek aske jarraitzea eta besteak, ostera, espetxeratzea eskatu du. Autoa sinatzen duten Ricardo Gonzalez eta Raquel Fernandino magistratuen esanetan, ez dago bost gazte sevillarrek ihes egiteko arriskurik, ezta delitua berriro egiteko arriskurik ere.

Francisco Cobo magistratuak, Bigarren Aretoko presidente ere badenak, berriz, boto partikularra eman du. Erregu-errekurtsoarekin bat eginez, bost kondenatuak bermerik gabe espetxera sartzea defendatu du. Coboren iritziz, Nafarroako Auzitegiak epaia berretsi izanak areagotu egiten du ihes egiteko arriskua. Bost gazte sevillarrak espetxean egon ziren 2016ko uztailaren 9tik 2018ko ekainaren 22ra bitartean, eta geroztik, behin-behinean, aske daude.

Azaroan, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi zuen "La Manada" auziko epaia, hots, Nafarroako Lurralde Auzitegiak bost gazte sevillarrei nagusikeriaz egindako sexu-abusu jarraituen delituagatik ezarritako bederatzi urteko zigorra. Nafarroako Lurralde Auzitegiaren arabera, 2016ko sanferminetan emakume bati egindakoa ez zen sexu-erasoa izan, sexu-abusua baizik.

Espainiako Auzitegi Gorenak izango du orain azken hitza. Akusazioen iritziz, 2016ko sanferminetan emakume bati egindakoa sexu-erasoa izan zen. Defentsaren ustez, ordea, baimendutako sexu-harremanak izan ziren.

Albisteak (3)

Bideoak (1)