Deustun
Deustuko salestar ikastetxeko ikasle ohiek elkarretaratzea deitu dute ostiralerako
Agentziak | Erredakzioa
Delitua ez dela preskribatzen ziurtatu dute antolatzaileek, eta haurrak zirenean jasandako sexu-abusuen zigorgabetasuna deitoratu dute. 19:30ean egingo dute bilkura, San Pedro Plazan.
Deustuko (Bilbo) salestarren ikastetxeko ikasle ohiek elkarretaratzea deitu dute ostiralerako, otsailak 8, bertako irakasle batek ustez egindako sexu-abusuen biktimei babesa adierazteko. 80ko hamarkadan jasan zituzten sexu-abusuak, 10 urte zituztenean. Ertzaintzak 12 salaketa jaso ditu jada, eta gertatutakoa ikertzen ari da.
Biktimek auzotarren babesa dutela erakusteko deitu dute elkarretaratzea ikastetxe horretako ikasle ohiek, biktimen oniritzia jaso ostean. Hala, haien babesa dutela adierazi nahi diete biktimei, asteazken honetan ohar baten bidez jakitera eman dutenez.
Halaber, irakasle ohi batek egindako sexu-abusuak salatzea da bilkura horren helburua. Gauzak horrela, ikasle ohiek bilkura egingo dute ostiralean, 19:30ean, Deustuko San Pedro Plazan.
Era berean, elkarretaratzera bertaratu ezin diren ikasle ohiek posta elektroniko bitartez (apoyovictimassalesianos@gmail.com) adierazi ahal diete babesa biktimei.
Bilkuran, biktimek idatzitako gutun bat irakurriko dute antolatzaileek. Ildo horretatik, delitua ez dela preskribatzen ziurtatu dute ikasle ohiek, eta haurrak zirenean jasandako sexu-abusuen zigorgabetasuna deitoratu dute.