HEZKUNTZA
Eskola-jazarpeneko kasuek behera egin zuten 2017-2018 ikasturtean EAEn
EITB.EUS
2017-2018 ikasturtean 79 eskola-jazarpeneko kasu identifikatu zituzten, aurreko ikasturtean baino zazpi gutxiago. Kasuen kopuruak, berriz, gora egin du: 443tik 553ra.
2017-2018 ikasturtean 79 jazarpen-kasu identifikatu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxeetan, aurreko ikasturtean baino zazpi gutxiago, Eusko Jaurlaritzak asteazken honetan zabaldutako datuen arabera. Bien bitartean, aztertutako kasuen kopuruak gora egin du epe horretan: 443tik 553ra. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak hezkuntza komunitateari eta, oro har, gizarte osoak eskola-jazarpenaren aurrean duten sentsibilizazio maila altuari egotzi dio.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eskola-jazarpeneko kasuek 2017-2018 ikasturtean izan duten bilakaera azaldu du. Bilbon eskainitako prentsaurrekoan, Hezkuntza Ikuskaritzak jasotako datuak eman ditu ezagutzera. Sailburuarekin batera, Jose Angel Ayucar Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskari nagusia izan da aurkezpenean.
2017-2018 ikasturtean Euskadiko ikastetxeetan 79 jazarpen-kasu identifikatu dituzte, Hezkuntza Ikuskaritzak azterturiko 553 kasuen % 14,29. Aurreko ikasturteko datuekin alderatuta, aztertutako kasuen kopuruek gora egin arren (443tik 553ra pasatu dira), jazarpen gisa identifikaturiko kasuek behera egin dute, bai zenbaki absolutuak bai ehunekoak aztertuta, 86tik 79ra jaitsi baita jazarpenen kopurua.
Datu horiek azaltzeko garaian, Uriarte sailburuak hezkuntza komunitateak zein gizarte osoak eskola jazarpenaren aurrean duten sentsibilizazio maila altua aipatu ditu, baita Bizikasi ekimena eta azken urteotan Hezkuntza Ikuskaritza auzi honen aurrean izaten ari den jarrera proaktiboa ere.
Eskola-jazarpeneko kasuen kopururik handiena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan gertatu da, izan ere, 79 kasu horietako 45 (% 57) etapa honetan gertatu dira. Lehen Hezkuntzan, berriz, 33 kasu identifikatu dira; batez ere, etapa honetako azken urteetan.
Antzeman diren kasuen izaera aztertuz gero, hauxe da argazkia: bazterketa edo marjinazio soziala (% 43,03), hitzezko erasoak (% 20,25), beldurra eragitea, xantaia edo mehatxuak (%11,39), eraso fisiko zuzena (% 13,92), jazarpen edo abusu sexuala, jazarpen sexista (% 6,32), bestelakoak (% 5,06).
Bestalde, identifikatutako kasuen % 21,5ean jazarpena Internet, sare sozial edo bestelako bitarteko zibernetikoen bidez gertatu da. Uriarte sailburuak nabarmendu duenez, eskola-jazarpeneko kasu asko, maiz, eskola eremutik eta eskola ordutegitik kanpo gertatzen dira, baina kasu horiek ere eskola-jazarpen gisa aztertzen dira.