Itxi

Feminismoa

Nesken eta emakumeen ahalduntzea aldarrikatuko du Emakundek M8ko kanpainan

EITB.EUS

Leer en Castellano

'Erabakitzen dudana izango naiz' lelopean, emakume gazteek euren etorkizuna genero mugarik gabe, modu aske batean eta berdintasunean aukeratzeko duten eskubidea azpimarratu nahi du.

Besteak beste, Marie Curie zientzialaria ageri da karteletako batean. Argazkia: Emakunde

Emakundek nesken eta emakumeen ahalduntzea eta horiek euren etorkizuna genero mugarik gabe, modu aske batean eta berdintasunean aukeratzeko eskubidea aldarrikatuko du Emakumearen Nazioarteko Egunari begira.

Izaskun Landaida eta Zuriñe Elordi Emakundeko zuzendariak eta idazkari nagusiak, hurrenez hurren, M8ra begirako kanpaina aurkeztu dute gaur Gasteizen. Lau neska gazte dira kanpainaren protagonistak, eta "Erabakitzen dudana izango naiz" lelopean gizarteari galdetzen diote prest dagoen beraien eskubideak modu aske batean aurrera eramateko aukera bermatzeko.

Neskak historian zehar erreferenteak izan diren emakumeen irudiekin batera agertzen dira. Hala nola, Marie Curie zientzialaria, Clara Campoamor idazle eta politikaria, Frida Kahlo margolaria eta Maria Antonia Uzcudun kirolaria, Txikita de Anoeta ezizenez ezagunagoa. Berdintasunaren bidean aitzindariak izan ziren emakumeei omenaldia egiteaz gain, erreferente eta eredu bilakatzearen beharra azpimarratu nahi izan du horrela Emakundek.

Izaskun Landaidak aurkezpenean nabarmendu duenez, "neska askok ahalduntzeko pausoak eman dituzte, prest daude, beraien eskubideez jabetu dira eta gizarteak euren eskakizunei erantzun behar die. Bidezkoa da euren etorkizuna modu aske batean erabakitzea, genero rol eta estereotipoek aurretik zehaztutako biderik ezar ez diezaieten".

Landaidaren ahotan, emakumeen ahalduntzea helburu estrategikoa dela nazioartean Beijingeko Nazioarteko Konferentziatik (1995).



Emakunderen kanpaina otsailaren 26tik martxoaren 12ra izango da ikusgai eta entzungai komunikabideetan eta eraikin publikoetan. Horrez gain, herritarrei dei egin die sare sozialetan #NikErabakitzenDut etiketa erabiltzeko.

Martxoaren 8rako mugimendu feministak deitutako greba hizpide, Landaidak mobilizazioetan parte hartzera animatu ditu herritarrak.

Albisteak (2)