Indarkeria matxista
La Manada sexu-erasoagatik zigortzeko Gorenera jo dute akusazioek
Agentziak | Erredakzioa
“Erabat baikorra naiz, azkenean sexu-erasoagatik zigortuko dituzte”, adierazi du biktimaren bi abokatuetako batek, Carlos Bacaicoak.
2016ko sanferminetan salatutako gertakariak sexu-erasoa izan zirela erabakitzea espero du La Manadako biktimaren bi abokatuetako batek, Carlos Bacaicoak. Horretarako, kasazio-errekurtsoa aurkeztu du Auzitegi Gorenaren aurrean.
“Erabat baikorra naiz, azkenean sexu-erasoagatik zigortuko dituzte”, adierazi du, Gorenaren aurrean helegitea aurkeztu duela baieztatu ondoren. Era berean, akusatuen defentsak eta herri-akusazioek (Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala) kasazio-errekurtsoak aurkeztu dituzte.
Gertatutakoa sexu-erasoa izan zela jurisprudentziarekin argudiatzen saiatu da akusazio partikularra helegitean, nahiz eta Nafarroako Auzitegiak eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak sexu-abusua izan zela erabaki. Auzitegi Nagusiko bost kideetako bik boto partikularra eman zuten.
Horretarako, antzeko auzi baten epaia mahai gainean jarri du abokatuak, 'Collado Villalbako Manada' izenaz ezagutu denari buruzkoa. Epaiketa horretan, 14 eta 15 urteko espetxe-zigorrak ezarri zizkieten akusatuei, Nafarroan ezarritakoak baino handiagoak.
“Bi auziak nahiko antzekoak dira, kasu hartan honetan izan ez den indarkeria txiki bat eman zen, baina gurean larderia izan zen sexu-erasoa izateko”, defendatu du Bacaicoak.
Gainera, bi auzietan “larderiazko testuingurua” izan zela uste du abokatuak; izan ere, beso-zabalera handiko gizonek biktima bazter batera eraman zuten, eta, ondorioz, “aurre egiteko aukerarik gabe” utzi zuten.
Era berean, Nafarroako Gobernuak kasazio-errekurtsoa aurkeztu du Auzitegi Gorenean. Foru Exekutiboak gertakariak sexu-eraso bezala aztertzea eta bost zigortuei zigorra areagotzea nahi du.
Gorenak helegitea onartu du dagoeneko, Ana Ollo Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak azaldu duenez.
“Nafarroako Gobernua ez da ados agertu, hasieratik, auziaren inguruan eman diren sententzia ezberdinekin”, gogorarazi du kontseilariak.
“Indarkeria izan zela defendatu dugu beti, eta kasazio-errekurtsoa norabide horretan doa, auzipetuentzako zigor handiagoa eskatzeko”, ziurtatu du.