Bizkaia
Eutanasia legeztatzea aldarrikatzen zuen Portugaleteko emakumea hil da
eitb.eus
Hildakoaren senitartekoek prentsaurrekoa emango dute ostegun honetan 11:00ak aldera, Portugaleteko udaletxean.
Maribel Tellaetxe 75 urte zituela hil da. Portugaleteko emakumeak alzheimerra zuen, eta haren familiak erakundeengana jo zuen lege aldaketa eskatzeko; izan ere, oraindik kontziente zenean eutanasia praktikatzea eskatu zion emakumeak familiari.
Familiak change.org plataformaren bidez sinadurak bildu zituen. Senideek prentsaurrekoa emango dute ostegun honetan 11:00ak aldera, Portugaleteko udaletxean.
Konkretuki, bi familiak 280.000 sinadura eraman zituzten Madrilgo Diputatuen Kongresura, eutanasiaren erregulaziorako legea desblokeatzea eskatzeko. Ez dute nahi beren etxeetan bizitakoa berriro gertatzea.
Familia horietako bat Portugaletekoa da. Maribel Tellaetxeren senarrak eta hiru seme-alabek sinadura bilketa bat abiatu zuten abenduan change.org plataforman, emazte eta ama dutena "duintasunez hil dadin, berak nahi zuen bezala". 180.000 sinadura pasatxo lortu zituzten heriotza duinaren alde.
Beste familia Luis de Marcos Verarena da. Berak ere sinadura bilketa bat jarri zuen martxan, baina prozesua amaitu aurretik hil zen De Marcos Vera. Hala ere, bere senideek kanpainarekin jarraitu zuten, eta 98.000 sinadura bildu zituzten.
Honela egin zuen publiko beraien kasua Lorente-Tellaetxe familiak abenduan ETBn, sinadura bilketa hasi zuenean:
Sinadurak uztera joan zirenean, beraiekin izan zen Marcos Ariel Hourmman medikua, Espainian gaixo terminal bati eutanasia aplikatzeagatik sententziatutako lehen sendagilea.
Gainera, bilera egin zuten, besteak beste, Patxi Lopez Kongresuko Osasun Batzordeko presidentearekin. Bera ere Portugaletekoa da, eta Portugaleteko Udalak eutanasiaren despenalizazioaren aldeko adierazpen instituzionala onartu zuen urtarrilaren 31n.
Alderdi sozialistak aurkeztu zuen 143.3 artikulua Kode Penaletik kentzeko proposamena. Talde parlamentario guztien babesa jaso zuten, PP eta UPNrena izan ezik. Ezezkoa bozkatu zuten, eta Ciudadanos abstenitu egin zen. Gaia oraindik tramitean dago, PP eta Ciudadanos blokeatzen ari direlako, emendakin epea luzatzeko eskatzen baitute.
Gauzak horrela, mezu argia bidali zien Danel Lorente Maribelen semeak aldaketa babesten ez duten politikariei:
Gaur egun, eutanasia legezkoa da Belgikan, Herbeheretan eta Luxenburgon.