Itxi

Bizkaia

Eutanasia legeztatzeko borrokan jarraituko du Maribel Tellaetxeren familiak

eitb.eus

Leer en Castellano

"Naturak eman dio legeak ukatu dion bakea eta deskantsua", esan dute senarrak eta bi semeek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eutanasia legeztatzeko "amaierara arte" borrokan jarraituko dutela esan dute, asteazkenean Portugaleten zendu zen Maribel Tellaetxeren senideek. Emakumeak orain dela 12 urte alzheimerra zuen. Senideek eutanasiaren kontrako legeari beren hauteskunde programetan eutsiko ote dioten galdetu diete Pablo Casadori (PP) eta Albert Riverari (Ciudadanos).

Maribelen senideek 182.000 sinadura jaso zituzten Change.org plataformaren bidez, eta Diputatuen Kongresuan aurkeztu zituzten orain dela aste batzuk, Osasun Batzordeari eutanasiaren legea eta medikuak lagundutako suizidioa despenalizatzea eskatzeko. Kongresuan ere, jada 200.000 sinadura baino gehiago lortu dituzte.

Maribelen senarrak eta bi semeek agiri bat irakurri dute ostegun honetan Portugaleteko udaletxean egindako prentsaurrekoan. "Emozio desberdinak" bizi dituztela esan dute. Alde batetik, pozik daudela esan dute "naturak ekarri baitio legeak ukatu dion bakea eta deskantsua"; baina, bestalde, "amorrua eta mina sentitzen dugu ez duelako izan gizaki orok merezi dugun heriotza". Ildo horretan, duintasunik gabe hil egin dela esan dute.

"Gaixotasun terminala harrapatu izana izan da bere bekatu nagusia", adierazi dute. Hala ere, "bidegabekeri horren errudunek izen-abizenak dituzte: Ciudadanos eta PPko jaunak; asteartero eutanasiaren legea blokeatu baitute Kongresuko mahaian", esan dute.

"Tortura"

Maribelek "tortura antzeko jokabideak pairatu dituela" esateagatik hainbat alderdi politikok egindako kritiken harira, semeetako batek "legearen terminologia erabiltzen ari direla" azaldu du. Izan ere, nazioarteko legediak eta, batez ere, europarrak, beren adierazpenak babesten dituztela esan du: "giza-integritate fisikoaren zein mentalaren aurkako edozein jokabide iraingarri edo gizagabe tortura antzeko jokabideak dira", adierazi du.

Ildo horretan, Pablo Casado eta Albert Rivera, PPko eta Ciudadanoseko presidenteei, hurrenez hurren, "eutanasiaren aurkako lege horrekin gure bizitzaren bukaeran ere amaiera anker eta mingarria emango diguten publikoki, ezkutatu barik, azaldu dezatela" eskatu diete. 


Eutanasiaren legeak 40 urte dituela gogoratu dute; eta, "jendea bera, kontzientziak eta beharrak aldatu egiten dira"

Rivera, Casado eta Bilboko gotzainarekin, hirurekin batera, mahai batean hitz egingo lukeela esan du. "Ez dut uste amari egin diotena inola ere defendatzeko modurik daukaten", esan du.

Eutanasiaren legeak 40 urte dituela gogoratu dute; eta, "jendea bera, kontzientziak eta beharrak aldatu egiten direla" gaineratu dute. "Harritzen gaitu heriotza zigorren edo harrika egiten diren hilketen ingurukoak entzuteak, baina amari egin dizkiotenak erabat basatiak izan dira", azaldu du semeetako batek.

Horrenbestez, "amagatik, gugatik, guztiongatik borrokan jarraituko dutela" esan dute. "Gure borroka ez da hemen amaitzen; legea aurrera atera arte guztiok heriotza duina izateko eskubidea dugula defendatuko dugu", esan dute.

Bestalde, Portugaleteko herritarren babesa eskertu dute, baita San Juan de Dios ospitaleko lantaldeari emandako laguntza ere. Gainera, Maribelen garuna alzheimerraren ikerketarako eman dutela azaldu dute. Ildo horretan, inbertsio gehiago eskatu dituzte gaixotasunaren nondik norakoak azaltzeko, eta etorkizunean "sendabideren bat aurkitzeko".



Albisteak (3)

Bideoak (3)