Martxoak 8
Aldarri feministak hartu ditu kaleak
agentziak
Hiriburuek manifestazio jendetsuak hartu dituzte, eta emakumeen eta gizonen eskubide berdintasuna izan da aldarrikapen nagusia. Istiluak izan dira protestarien eta polizien artean.
Bigarren urtez jarraian, Euskal Herriko kaleak morez jantzi dira gaur goizean goizetik, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatu duten lehenengo greba orokor feministan.
Hainbat elkarte, sindikatu, kolektibo eta erakundek deituta, milaka emakume, eta hainbat gizon, atera dira kalera hiriburuetako manifestazioetan parte hartzera, baina baita herri, auzo eta lantokietan.
Euskal Herriko Mugimendu Feministako bozeramaileek azpimarratu dute "arrakastatsua" izaten ari dela greba Nafarroan, eta egun osoan egongo direla kalean.
Gaztelu Plazan egindako elkarretaratzearen aurretik Alba Pinto bozeramaileak azaldu duenez, emakumeak "auzoz auzo, herriz herri, hiriz hiri" ari dira ekintzak egiten emakumeen eskubideen alde.
"Sistema kapitalistari planto egin nahi izan diogu, baina baita sistema patriarkalari, eraso egiten baitigu eta gure bizitza baldintza txarretara eta prekarioetara mugatzen duelako", azpimarratu du.
Milaka emakume elkartu dira, era berean, Gasteizko plaza Berrian eta Andre Maria Zuriaren plazetan borroka feministaren alde.
Arabako hiriburuko Mugimendu Feministak deituta, protestariek borroka feminista defendatu eta jokabide matxistak deitoratu dituzte.
Elkarretaratze horren aurretik istiluak zian dira Legebiltzarraren atarian, emakume batzuk tranbia geldiarazten saiatu direnean. Pertsona bat inputatu du Ertzaintzak desordena publikoak leporatuta, eta beste 10 identifikatu egin dituzte kalean pintaketak egiteagatik.
Eusko Legebiltzarrean bertan, gaurko aurreikusita zegoen osoko-bilkura bertan behera utzi behar izan dute legebiltzarkideen erdiak baino gehiagok greba feministarekin bat egin duelako.
Bestalde, milaka lagunek, gehien-gehienak emakumezkoak, morez jantzi dituzte Donostiako kaleak, eta Boulevard zumarkalea bereziki, mugimendu feministek jai giroan antolatutako protesta ekitaldi batean.
11:30etik aurrera Donostia erdigunean elkartzen hasi dira emakumeak, eta Egiatik, Grosetik, Ategorrietatik eta Martutenetik (azken hori bizikleta martxa) iritsitako manifestazioekin bat egin dute bertan.
Eguardian Boulevarda jendez gainezka zegoen, eta Udaltzaingoak errepidea itxi behar izan du ordubetez, plazak gainez egin duelako.
Mobilizazioaren amaieran minutu bateko isilunea egin dute indarkeria matxistaren biktimen omenez.
Bilboko manifestazioa ere oso jendetsua izan da (30.000 pertsona, Udalaren arabera), eta sindikatu nagusien (ELA, LAB, CCOO eta UGT) babesa eta alderdi politiko gehienen (EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Podemos) parte hartzea izan du.
Pankarta Bilboko udaletxean. Argazkia: Bilboko Bilgune Feminista
Kolore morea eta beltza izan dira nagusi manifestarien soinean, pankartetan, peluketan, betaurrekoetan eta dena delakoetan Bihotz Sakaratutik abiatu eta udaletxean amaitu den manifestazioan. "Gora borroka feminista" izan da lelo nagusia protestarien artean.
Ipar Euskal Herrian, grebara baino, lanuzteetara eta manifestazioetara zeuden langileak deituta 2019ko martxoaren 8an.
Grebaren jarraipena % 11,53koa izan da Osakidetzan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera. Lurraldeka, Gipuzkoan izan du jarraipen zabalena (% 13,25), eta txikiagoa Araban (% 11,62) eta Bizkaian (% 10,65).
Hezkuntza Sailak, eskolen % 47ko datuak eskuartean, grebaren jarraipena % 47,9koa izan dela jakinarazi du; eta % 66koa izan da Haurreskoletan.
EiTBko langileen artean ere, asko izan dira grebarekin eta protestarekin bat egin duten emakumeak.