Itxi

'M15 klimatikoa'

Euskal Herriko ikasleak kalera atera dira gaur, klimaren aldeko grebaren baitan

Agentziak | Erredakzioa

Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean mobilizazioak egingo dituzte, 'FridayForFuture' mugimenduak mundu osorako egindako deialdiarekin bat eginez.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Klima aldaketaren aurka Europa iparraldean hasitako ikasle mugimendua Euskal Herrira iritsi da. Ikasleek mobilizazioak egingo dituzte gaur Euskal Herriko bost hiriburuetan, mundu mailan deitutako grebarekin bat eginez, "krisi klimatikoaren aurkako ekintza politikoa" eskatzeko. Guztira, 105 herrialdetako 1.600 bat hiritan deitu dituzte protestak, eta "M15 klimatikoa" deitu diote Estatu espainiarrean. Lehen aldia da Euskal Herriko ikasleek halakorik egiten dutena.

Azken asteetan, zenbait hirik bat egin dute mugimendu horrekin. Kalera irteten goiztiarrenak Iparraldeko ikasleak izan dira. Baionan, kontzentrazioa egin dute, 09:00etan, udaletxearen atarian. Iruñean, udaletxe plazan elkartuko dira 12:00etan. Gasteizen, eguerdian egingo dute, udaletxearen aurrean, eta beste mobilizazio bat egingo dute 18:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan. Bilbon, ordu berean egingo dute protesta, udaletxearen aurrean. Donostian, 13:00etan izango da elkarretaratzea, Ignacio Maria Barriola zentroan.

Hego Euskal Herriko ikasleen sindikatuak bat egin du grebarekin, baina bere aldetik deitu ditu mobilizazioak. Zehazki, 12:00etan deitu ditu manifestazioak Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.

Estatu espainiarrari dagokionez, mugimendua indarra hartzen ari da, bereziki, Madrilen, Bartzelonan eta Valentzian, Elena Montero Gazteria Klimaren Alde plataformako aktibistak esan duenez. Greta Thunberg nerabe suediarrak hasitako mugimenduari jarraipena eman nahi diote horrela. Abuztutik, ostiralero greba egiten du Thunbergek Stockholmeko Parlamentuaren aurrean.

Ander Congil: "Nazioarte mailan elkarlanean jarraitzea da orain erronka"

Gazteria Klimaren Alde plataforman mugimendu honi buruzko interesaren "izugarrizko" igoera sumatu dute Estatu espainiarrean. Gironan, ikasleek eserialdia egin zuten urtarrilean Generalitateko bulegoen aurrean.

Ander Congil Gironako Unibertsitateko ikasle tolosarraren esanetan, "nazioarte mailan elkarlanean jarraitzea da orain erronka". Horregatik, "ostiral honetakoaren antzeko deialdiak" egitea aurreikusten du Biologia eta Ingurumen Zientzietako ikasleak.

Katrina Calderon Madrilgo FridaysForFuture plataformako kidearen arabera, gaurko elkarretaratzeetan "hainbat belaunalditako, talde politikotako eta gizarte klasetako jendea" espero dute, "klimaren krisiak guztioi eragiten digulako".

Espainiako Ikasleen Sindikatuak ere bat egin du mugimendu honekin, "Kapitalismoak mundua hiltzen du" lelopean. 30 deialditik gora egin dituzte, 12:00etan, salaketa argia egiteko; izan ere, "krisi klimatikoa ez da norbanakoen arazoa, sistemarena baizik", Marina Matak azaldu duenez. "Adin guztietako ikasleak batzea" espero dituztela gaineratu du.

Bideoak (1)