Itxi

Fridays for future

Euskal gazteriak klima aldaketaren aurkako ekimenarekin bat egin du

eitb.eus

Leer en Castellano

Greta Thunberg Suediako gazteak abiatutako Fridays for Future ekimenarekin bat egin dute Euskal Herriko gazteek. Nazioarteko greba antolatu dute ikasleek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Klima aldaketa geldiarazteko neurriak hartzeko eskatu diete euskal ikasleek gobernuei kaleetan, “B planetarik ez dagoelako” eta berehala neurriak hartzen ez baldin badira “hamar urtetan atzera bueltarik izango ez delako”.

Horrela, Greta Thunberg Suediako gazteak abiatutako Fridays for Future ekimenarekin bat egin dute Euskal Herriko gazteek. Nazioarteko greba eguna antolatu dute ikasleek ostiral honetan, munduko 1.800 hiritan. Dagoeneko ‘M15 klimatikoa’ izendatu dute batzuek.

Gasteizen, 200 bat gaztek elkarretaratzea egin dute Plaza Berrian, "zertarako ikasi etorkizunik gabeko planetan" eta “klima aldaketa munduarentzako mehatxurik handiena da” lelopean. Besteak beste, “mundua banku bat balitz dagoeneko erreskatatuko zenuketen” eta “ez dut hitzik aurkitzen, soilik plastikoak”, irakur zitekeen pankartetan.

Munduko mobilizazioaren ondorioz Arabako hiriburuan Fridays For Future Gasteizko Batzarra sortu dela azaldu du antolatzaileen bozeramaile batek, “olatua” bideratzeko helburuarekin. “Guztioi eragiten digun” gaia da, bozeramaileak nabarmendu duenez, eta “ez dago siglarik, ezta alderdi politikorik ere”.

Bestalde, benetako trantsizio energetiko bat aurrera eramateko eskatu diete gobernuei, erregai fosilen aldeko apustua egiten jarraitu beharrean. Bestela, CO2 isuriek gora egiten jarraituko dute.

Elkarretaratzean, gazteak Gasteizko udaletxearen aurrean bildu dira. Besteak beste, “planeta defenda dezagun”, “hemen gaude, klimaren alde” eta “poluzio gutxiago, iraultza gehiago”, oihukatu dute.

"Klima aldaketa munduarentzako mehatxurik handiena da"

Donostian, 30 bat ikaslek elkarretaratzea egin dute Ignacio Maria Ibarrola ikasgelategiaren aurrean, klima aldaketaren aurkako pankartekin eta kartelekin. "Fridays for Future", “gure etorkizuna ez da zuen jokoa” eta “sistema alda dezagun, ez klima”, irakur zitekeen karteletan.

Ikasgela eraikinaren aurrean zenbait minutu pasa ondoren, ikasleek manifestazioa egin dute EHUren Gipuzkoako campusean.

Bilboko udaletxearen aurrean, 18:00ak aldera, 300 bat gaztek elkarretaratzea egin dute. “Etorkizuna ez dago salgai” edo “gradu bat gehiagorik ez, espezie gutxiago bat ez”, oihukatu dute. Goizean elkarretaratzea egin dute Leioako campusean.

Baionan ere ehunka gazte irten dira kalera goizean. Ikastetxe gehienek bat egin dute greba mugimenduarekin. Ez dute begi onez ikusten Frantziako Gobernuaren jarrera gai honen inguruan.

Ordua 08:30erako zuten jarria, eta gazte andana bildu da elkarretaratzera. Herriko etxeko atarian bildu, eta Baionako suprefektura aldera joan dira hainbat ikastetxetako ikasleak.

Diotenez, “inoiz ikusi gabeko egoera batean dago gaurko gizartea”. “Klima aldaketaren aurka zerbait egin dezakeen azken belaunaldia gara”, nabarmendu dute.

Hala ere, oraindik “hondamendia” saihesteko garaiz gabiltzala uste dute Lapurdiko hiriburuan agertu diren gazteek. Ipar Euska Herriko 40 taldek deituta, gisa bereko ekimena egingo dute Angelun, larunbat goizean.

Albisteak (1)

Bideoak (2)

Informazio gehiago (1)

Galeriak (1)