'Planetaren Ordua'
Euskal Herria, 'naturaren alde itzaltzera' deituta
eitb.eus
Erakundeak, enpresak eta herritarrak 'Planetaren Ordua' jarraitzera eta, martxoaren 30ean 20:30 eta 21:30 artean argiak amatatzera deitu ditu WWF erakundeak.
WWF (World Wide Fund for Nature) erakunde ekologistak 'Planetaren Ordua' ekimena bultzatu du beste behin. 2007an jaio zen Sydneyn, klima aldaketaren aurkako borroka bultzatzeko.
Mundu osoko erakundeek, enpresek eta herritarrek argiak ordubetez itzaltzera deituta daude, 20:30etatik 21:30ak arte, martxoaren 30ean, larunbata. Euskal Herriak ere bat egingo du hitzorduarekin. Bilbok, Donostiak, Gasteizek, Iruñeak eta dozenaka udalek eraikin ezagunetako argiak amatatuko dituzte.
WWFren arabera, 188 herrialdetan babesten dute kanpaina, "guztiok helburu komun batekin mobilizatzen gaituen kanpaina handiena: klima aldaketaren aurka borrokatzea". Erakundearen kalkuluen arabera, edizio honetan 17.900 monumentu itzaliko dituzte.
Gainera, hiru erronka proposatzen dizkie herritarrei: haragirik gabeko eguna ("kilo bat haragi ekoizteko 15.500 litro ur behar dira"), plastikorik gabeko eguna ("urtero 100 milioi tona plastiko botatzen dira naturara") eta isurtzerik gabeko eguna ("CO2 emisioen % 30en eragilea da hiriko garraioa").
Bizkaian, bat egin dute Bilbo, Barakaldo, Getxo, Durango, Mungia, Ermua, Abanto-Zierbena eta Zalla udalerriek. Gipuzkoan, Irun, Zarautz, Eibar, Errenteria, Soraluze eta Alkiza udalerriek. Araban, momentuz, Gasteizek eta Ozetak egin dute bat ekimenarekin. Nafarroan, Iruñea, Tutera eta Antsoain dira bat egin dutenak.
Espainiar estatuan, momentuz 391 udalerrik, 137 enpresak eta 156 erakundek eman dute izena, eta argiak itzaliko dituzte klima aldaketaren kontrako borrokaren sinbolo bezala.
Eusko Jaurlaritza, ordu batez itzalita
EAEko hiriburuetako eraikin nagusietako kanpoko argiak itzaliko ditu Eusko Jaurlaritzak. Larunbatean, 20:30etatik 21:30ak arte, Lakuako (Gasteiz), Kale Nagusiko 85. zenbakiko (Bilbo) eta Andia kaleko (Donostia) eraikinak amatatuta egongo dira, baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailekoak; esaterako Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa (Bilbo) eta Ekoetxea Urdaibai ingurumenaren interpretazio zentroa (Busturia, Bizkaia).
Eusko Jaurlaritzarentzat, "gizarte zibiletik sortutako 'Planetaren Ordua' bezalako ekimenak martxan jartzeak ingurumen erronkak hedatzen eta herritarrek zuzenean eragiten duten gaietan modu aktiboan parte hartzen laguntzen du".
"Eusko Jaurlaritzak, ekonomia lehiakorra eta karbonoan baxua bultzatzeko ingurumen konpromisotik, beste urte batez mugimendu hori babestearen alde egin du, eta horregatik bat egin dugu berarekin", bukatu du.
Guggenheim ere, ekimenarekin bat
Guggenheim Museoan, adibidez, Jenny Holzerren argi proiekzioei eragingo die. Martxoaren 21ean martxan dagoen "instalazio berezi" bat da. Larunbatera arte iraungo du, baina egun horretan, ordubete beranduago hasiko da, 'Planetaren Ordua'k bultzatutako itzalaldiagatik.