Itxi

Memoria historikoa

Euskal erakundeek frankismoaren biktimak oroitu eta omendu dituzte

agentziak

Leer en Castellano

Aurreko urtean erabaki zuen Gasteizko Udalak martxoaren 31 Frankismoaren Biktimak Oroitzeko Egun izendatzea.

Frankismoaren biktimei omenaldia Gasteizen. Argakia: EiTB

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak frankismoaren biktimak oroitu eta omendu dituzte Arabako hiriburuan, eta Frankismoko Krimenen Aurkako Euskal Plataformako ordezkariek ere parte hartu dute ekitaldian.

Posta kaleak eta Lehendakari Agirre plazak bat egiten duten lekuan izan da omenaldia, "Isiltasunean Oihuka" eskultura dagoen tokian, eta lore-eskaintza bat egin dute.

Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politikako kontseilaria, Maria Jesus San Jose Lan eta Justiziakoa, Igone Martinez de Luna Arabako Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Josu Ibargutxi Frankismoko Krimenen Aurkako Euskal Plataformako ordezkaria bertaratu dira, beste batzuen artean.

"Frankismoak errepresaliatutako pertsona guztiek merezi dute errekonozimendu eta omenaldi hau, demokrazia, askatasuna eta berdintasuna defendatu zuten", adierazi du Urtaranek, zapaltzaileen helburua biktima horien bizitzak, printzipioak eta balioak deuseztatzea zela eta kontrako eragina lortu zutela gaineratu aurretik.

Aurreko urtean erabaki zuen Gasteizko Udalak martxoaren 31 Frankismoaren Biktimak Oroitzeko Egun izendatzea, gerra eta diktadura garaian ideia politikoengatik eta demokrazia eta askatasuna defendatzeagatik errepresioa pairatu zutenak omentzeko.

Azazetan fusilatuak

Bestalde, EH Bilduk Azazeta mendatean fusilatu zituzten 16 lagunak oroitu ditu, 1937ko martxoaren 31etik apirilaren 1erako gauean hil baitzituzten portu arabarrean.

Santa Barbara plazan izan da omenaldi hori, garai hartan La Paz presondegia zegoen lekuan, bertan baitzeuden 16 fusilatuak, tartean Teodoro Gonzalez de Zarate alkatea, falangistek, erreketeek eta guardia zibilek osatutako talde batek hil eta lurperatu zituzten arte.

Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduren Kongresurako zerrendaburuak hitz egin du ekitaldian, eta salatu du 82 urte geroago "Falange, CEDA eta Comunion Tradicionalista zirenak orain PP, Ciudadanos eta Vox" direla.