SEXU ABUSUAK
Basauriko entrenatzaile ohiaren biktimen testigantzak bildu dituzte dokumental batean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
'Hiru buruko munstroa' Jon Villapun Geuria.eus hedabideko koordinatzaileak zuzendu du dokumentala. Hiru atal ditu eta bart estreinatu dute lehendabizikoa.
Basauriko futbol entrenatzaile ohi batek adin txikikoei egindako sexu abusuen inguruko dokumentalaren lehen atala estreinatu zuten, bart, Geuria.eus Hego Uribeko hedabidearen atarian.
Hiru buruko munstroa dokumentalak hiru atal ditu, lehendabiziko atala da atzo erakutsitakoa, eta biktimen eta abusuen berri zuten basauriarren lekukotzak jasotzen ditu. Hainbat gizonek lehen atal horretan azaldu dutenez, entrenatzaile ohiak haurrak bere etxera gonbidatzen zituen eta bideo pornografikoak jartzen zizkien. Gaineratu dutenez, entrenatzailea aldagela barruan gelditzen zen haurrak aldatzen ziren bitartean, besteak beste, barruko arropa nola janzten zuten ikusteko.
Bien bitartean, aipaturiko gizonak entrenatzaile gisa jardun zuen Basauriko futbol eskolak haren kontrako frogarik ez zegoela ziurtatu du. Bideoan kirol elkarte horretako arduradun batek onartu duenez, "zurrumurruak" egon bazeuden, baina ez bere aurka egiteko "frogarik".
Pepe Godoy basauriarra izan zen entrenatzaile ohiaren aurkako salaketa jartzen lehena duela bi urte. Dena dela, abusuak preskribatuta daude duela 30 urte baino gehiago gertatu zirelako.
2018ko abendutik gaur arte entrenatzaile ohiaren aurkako zazpi salaketa izan dira.
Ertzaintzak iragan martxoaren 12an 60 urteko gizona atxilotu zuen, sexu abusu delitua leporatuta, egun adin txikikoa den baten familiak jarritako salaketaren ondotik. Epailearen aurretik igaro ostean, aske gelditu zen, karguekin eta epaiketaren zain.