Indarkeria matxista
'La Manada'ko kide bati isuna jarri diote, biktimaren bideo bat zabaltzeagatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Datuak Babesteko Agentziak 150.000 euroko isuna galdegin du Alfonso Jesus Cabezuelorentzat, 2016ko sanferminetan bortxatu zuten gaztearen bideo bat zabaltzeagatik.
Datuak Babesteko Agentziak 150.000 euroko isuna eskatu du 'La Manada' taldeko kide batentzat, biktimaren bideo bat zabaltzea leporatuta.
'La Manadako' bost kideei bederatzi urteko espetxealdia ezarri zieten 2016ko sanferminetan 18 urteko neska bati sexu-gehiegikeriak egiteagatik.
Agustin Martinez Becerra abokatuak jakinarazi duenez, Alfonso Jesus Cabezuelo da espediente zigortzailea jaso duen gizona, eta erantsi du datozen egunetan antzeko jakinarazpena jaso dezakeela Antonio Manuel Guerrerok ere.
Abokatuak azaldu duenez, talde feminista batek Forocoches eta Burbuja.net atarien aurka ezarritako salaketa baten ondotik iritsi da zigor eskaera. Elkarte horrek Nafarroako Foru Erkidegoa ere salatu zuen, kasu honetan, ebazpena biktimaren datuekin publiko egitegatik.
'La Manada'ko erasotzaileen abokatuaren arabera, "gezurra" da Alfonso Jesus Cabezuelok biktimaren bideo zabaldu zuela, "grabatu eta berehala borratu zituztelako". Irudi horiek Foruzaingoak berreskuratu zituen erasoa ikertu zuenean, eta ondoren zabaldu zirela erantsi du.
Jakinarazpena jasota, alegazioak idatziz aurkezteko aukera izango du orain Cabezuelok.