Itxi

Elkartasun besarkada

Migratzaile eta errefuxiatuen aldeko besarkada erraldoia eman dute Durangon

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Jendetza hurbildu da Landako gunera, pertsona migratzaileek eta errefuxiatuek libre mugitzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko eta Europaren migrazio politikak salatzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Europako erakundeen migrazio politika salatzeko eta pertsona migratzaileek zein errefuxiatuek munduan libre mugitzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko, ekitaldi ikusgarriak egin dituzte Europako hainbat hiri eta herritan gaur eguerdian. Gakoa, elkarri besarkada ematea izan da.

Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak deituta, Durangon izan da hitzordua Hego Euskal Herrian eta jendetza bildu da bertan.

11:45 aldera, eskutik helduta, zortzi zutabeko giza kateak osatu dituzte, eta isilean Ezkurdi plazatik Landako gunera joango dira bi bidetatik. Zutabeek aurrera egin bitartean, Europako mugetan hildako 35.000 pertsona baino gehiagoren izenak irakurri dituzte.

Hala, Europara iritsi nahian hil diren pertsonak gogoratu dituzte herrian barrena ibili diren zortzi zutabeek eta behin Landako gunera iritsita, denek bat egin dute "besarkada erraldoia" irudikatuz. Giza kateek bat egin eta eraikina inguratuko dute, besarkada kolektiboarekin bukatzeko. Gainera, "besoak jaso eta txaloak jo dituzte, bihotzaren taupadak sinbolizatzeko".

Han, agiria irakurri dute, Europak migrazioa arloan duen jarrera salatuz.

Manifestua eta aurpegi ezagunak

"Europako immigrazio politikaren eta neofaxismoaren aurkako herritarren erresistentziaren ikur" izateko helburuz egin da gaur Europa osoan "Herrien, Pertsonen eta Giza Eskubideen Besarkada" .

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala betetzea eskatu dute deitzaileek: Pertsona migratzaile guztiak aske mugitu ahal izatea eta Europako gainerako biztanleen eskubide berberak izatea. Era berean, kanporatzeak eta arma ekoizpen zein salmenta bertan behera uztea eta politika ekonomiko eta komertzialak aldatzea eskatu dute.

Giza eskubideekin bateragarriak diren migrazio politikak aldarrikatu dituzte, eta kanporaketekin bukatzea eta igarobide seguruak ezartzea eskatu dute.

Europan "gobernu autoritario eta estremistak zein kontserbadoreak, baita zentro-ezkerrekoak ere, errefuxiatuenganako eta migratzaileenganako elkartasuna kriminalizatzen" ari direla salatu dute, eta "bizitzak salbatzea, elkartasuna adieraztea eta pertsonak babestea, artatzea, defendatzea eta aukera berri bat topatzen laguntzea delitu bihurtu da" ohartarazi.

Euskal sinatzaileen artean Bernardo Atxaga, Adela Asua, Garbiñe Biurrun, Daniel Innerarity, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi, Kirmen Uribe, Pello Salaburu, Edurne Portela, Lourdes Oñederra, Ana Urrutia, Onintza Enbeita eta Maixabel Lasa daude.

Ipar Euskal Herrian ere izan dira "besarkadak"

Ipar Euskal Herrian ere izan dira "besarkadak"; Biarritzen, Donibane Lohitzunen eta Hazparnen, zehazki:

Albisteak (2)

Bideoak (2)