IAT estazioak
Gipuzkoako IAT estazioen arazoa berehala konpontzeko eskatu dio RACVNek Jaurlaritzari
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Real Automovil Club Vasco Navarro elkartearen arabera, Gipuzkoan ibilgailuen azterketa teknikoak egiteko beste bi estazio gehiago egon beharko lirateke, bost guztira.
Gipuzkoako Ibilgailuen Azterketa Teknikoak egiteko estazioetan sortu den "arazo larriari premiazko irtenbidea" emateko eskatu dio gaur Real Automovil Club Vasco Navarro elkarteak Eusko Jaurlaritzari. Halaber, "kudeaketa txarraren ondorioak" herritarrak pairatzen ari direla salatu du.
Pedro Martinez de Artola eta Eduardo Martinez RACVNeko presidente eta zuzendariak agerraldia egin dute Donostian, Gipuzako IAT estazioetan sortu diren kolapsoei buruz elkarte horrek duen iritzia emateko.
Martinez de Artolak azpimarratu du "aurreikusi zitekeen arazoa" dela; izan ere, "hamar urtetik gorako 31.000 ibilgailu baino gehiago daude eta horrek azterketa gehiago eta konplexuagoak egitea eskatzen du".
Horrenbestez, egoera "larri" honi irtenbidea emateko berehalako eta behin-behineko neurriak har ditzala eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, "aurrerago plan zehatzago bat garatzeko".
Bestalde, gidariak arazo honen erantzuletzat jotzea onartezina dela esan du. Hau guztia "kudeaketa txar baten ondorio da".
"Ibilgailuen azterketak egiteko zentroak behar bezala funtzionatu behar dute eta horren arduradunak IAT estazioak kudeatzen dituzten enpresak dira; esleipenak, baina, Jaularitzak ematen ditu eta, beraz, azken erantzulea Jaurlaritza da; Jaurlaritzak bermatu behar du kudeaketa zuzena dela", azaldu du.
Horrela, bada, RACVN elkarteak uste du Gipuzkoan beste bi estazio gehiago behar direla. Egun, hiru daude.
Ildo berean, zentro horietako bat Donostialdean kokatzea proposatu du.