Florida (AEB)
Ibarren heriotzak seme-alabengan izango lukeen eragina azaltzea eragotzi du Baileyk
Agentziak | Erredakzioa
Psikologo baten agerraldia atzera bota du epaileak. Lekukoen txandan, psikologo batek testigantza ematea nahi zuen defentsak.
Psikologo batek epaimahaiari Pablo Ibarren heriotzak 7 eta 12 urteko seme-alabengan izan ditzakeen ondorio psikologikoak azaltzea eragotzi du epaileak. Heriotza-zigorra ala biziarteko kartzela-zigorra ezartzea gomendatu behar dute zinpekoek.
Epaiketako bigarren zatiaren jarraipena egiteko bilera egin dute aldeek eta Dennis Bailey epaileak. Bigarren fasea maiatzaren 15ean hasi zen. Lekukoen txandan, psikologo batek testigantza ematea nahi zuen defentsak.
Heriotza-zigor batek Ibarren seme-alabengan izango lukeen eragina azaltzea litzateke helburua. Euskal jatorriko estatubatuarra errudun jo zuten urtarrilaren 19an, hilketa hirukoitza egotzita. Gertakariak 1994an jazo ziren, Miramarren (Florida).
Epaileak defentsaren eskaera atzera bota du, auzipetuari ezarri beharreko zigorra erabakitzeko orduan "garrantzitsua ez" dela uste duelako.
Gainera, auzipetuaren heriotza-zigor posibleak senitartekoengan izan ditzakeen ondorio psikologikoen inguruan hitz egitea debekatu die lekuko guztiei, Andres Krakenberger Pablo Ibar Heriotza-zigorraren aurkako Elkarteko bozeramaileak jakitera eman duenez.
Krakenbergerrek epailearen "inpartzialtasun falta" salatu du berriro. Bozeramailearen ahotan, iragan asteazkenean, epaiketaren bigarren fasean egindako saio bakarrean, hilketa hirukoitzeko biktimen sei senitartekok lekukotza emateko baimena eman zuen Dennis Baileyk. Defentsako lekukoen kasuan erabakia "oso bestelakoa" izan dela nabarmendu du.
Zentzu horretan, hilketak "euren bizitzetan utzi zituen ondorioen inguruan hitz egiteko aukera" izan zuten guztiek, gogorarazi duenez. Casimir Sucharski klub bateko jabea eta Sharon Anderson eta Marie Rogers modeloak hil zituzten.
Gainera, lekukoen txanda amaitu ondoren, Baileyk berak haien testigantzak kontuan izan behar izan ez zituztela ohartarazi zien epaimahaiko kideei, Pablo Ibarren zigorra erabakitzeko orduan.
Horregatik, psikologoa entzuteko "eskubide bera" izan beharko luketela argudiatu dute defentsako abokatuek, ondoren epaileak zinpekoei edozein xehetasun edo agindu emateko aukera duelako, esaterako, "testigantza kontuan ez hartzea".