Itxi

Bilbo

Euskotreneko langile bati eraso egin diote Bilbon

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Erasoa Otxarkoagako geltokian gertatu zen, liskar baten erdian sartu zenean. Langileen batzordeak elkarretaratzea deitu astearte honetarako.

Euskotreneko langile-batzordeak salatu duenez, joan den astean behargin bati eraso egin zioten Otxarkoagako geltokian, Bilbon.

Bikote bat eztabaidan ari zela ikusita, haiengana hurbildu zen, egoera baretu nahian. Halaber, emakumeari bidaiatzeko txartelik ez zeukala ohartarazi zion, eta honek, ezustean, ileetatik tira egin zion eta bultzakada batez lurrera bota zuen. Jarraian, ihes egin zuen.

Biktimak Otxarkoagako geltokiko txarteldegian egiten du lan. Salaketa jarri zuen, eta bi egunez egon zen bajan.

Langileen batzordeak gogor salatu du erasoa. Euskotreneko langileak herritarrei laguntzeko daudela azpimarratuta, onartezintzat jo du sektore horretako beharginek beren lana egiteagatik "irainak, mehatxuak eta erasoak" jasan behar izatea.

Horren aurrean, Euskotreneko langile-batzordeak elkarretaratzea deitu du astearte honetarako Otxarkoagako geltokiaren sarreran, Kepa Enbeita plazan.