Itxi

Erreportajea

Karimaren bidaia: miseriatik bakarrik ihesi

Mikel Dominguez | eitb.eus

Leer en Castellano

Karima 2012an heldu zen Bilbora, 16 urterekin. Etorkizun hobe baten bila utzi zuen Maroko, atzean miseriaz betetako iragan bat utzita.

Karima, Bilbon. Argazkia: EiTB.

"Oso gaizki pasatu dut nire bizitzan, oso gaizki, baina Jaungoikoari esker, orain oso ondo nago". Karimaren bizitzaren bidaiaren laburpena da. Euskal Herria lehenengo aldiz 16 urterekin zapaldu zuen. Aurrera egindako ihesaldi baten azken kasualitateak Bilbora ekarri zuen 2012ko urtarrilaren gau euritsu batean. Gaur egun, atzera begiratu ahal izateko behar den ausardia biltzea lortu du, aldatuko ez lukeen bide batez harro egoteko. Oraindik bere familia bizi den miseriatik ateratzeko bidea izan da.

Meknesen jaio zen, Marokoko milioi erdi biztanleko hiri batean, 1995eko otsailaren 23an. Zazpi neba-arreben artean hirugarrena da. Berak baino lehen, bere neba zaharrak ere bere bidea hasi zuen, Europarantz. Karimak bakarrik egitea erabaki zuen, inoren laguntzarik gabe eta senideei abisatu gabe.

"Nire neba-arreben arduraduna nintzen. Goizetan ikasi egiten nuen, eta arratsaldeetan, lan, azoka txiki batean, amari laguntzeko. Nire ama itzultzen zenerako, etxea bikain utzi eta saltzera irten behar izaten nintzen: poltsak, tabakoa, musuzapiak, txikleak…", azaldu digu Karimak. Familiaren ekonomia bere gain izan arren, bere ama ez zegoen bakarrik.

Gauero, aita heltzen zen etxera. "Mozkor iristen zen eta amarekin borroka egiten zuen. Nire neba txikia berarengandik ezkutatzen zen. Egunero gauza bera zen", deitoratu du.

Aita utz zezan askotan konbentzitzen saiatu zen ama, baina, ohikoa denez, beste senideen presioak itxaropen guztiekin bukatzen zuen. Biek maiz entzun zuten "seme-alabengatik" egin behar zuela edo "azkena" izango zela, baina beti egoten zen beste bat.

Marokoko fiskalitateak berdintasunik eza betikotzen du

Karimak azaldu duenez, Marokon aberatsek baino ezin dute biziraun. Gau batean, bere ahizpa lapikoarekin erre zen. Ospitalera eraman zuen amak, baina guardiako farmazia batera joan behar izan zen bera, bendak erostera. "Ospitalean ez dizute ezer ematen", esan du Karimak. Marokoko fiskalitateak berdintasunik eza betikotzen du, KPIk gora egin arren, eta herritarrak pobreziatik ez ateratzera zigortzen ditu, ia zerbitzu publikorik gabe, langabeziaz eta diskriminazioaz inguratuta. "Ezin da bertan bizi", esan du atsekabetuta.

Bakarrik egindako ihesaldia

Egun batean, ezetz esan zuen. "Mina nuen bihotzean, eta zenbaitetan alditxartu egiten nintzen", kontatu digu. Lazeriaren presioa gailendu zitzaion, eta ihes egitera behartuta ikusi zuen bere burua. Bere familiarentzat aurreztuta zuen diruaren zati bat hartu, eta amari eta neba-arrebei ezer esan gabe, Tangerrerako autobusean igo zen. "Ez nekien ezta nora nindoan ere", esan du. Gauzak saltzeko edo dirua eskatzeko "turista europar asko" daudelako hautatu zuen Tanger.

Marokoko bosgarren hirira guztiz bakarrik heldu zen. "Dendara joaten nintzen, mukizapiak erosten nituen eta tabernetara joaten nintzen, hor saltzeko", azaldu du Karimak. Pijama eta zapatila berberak jantzita igaro zituen Tangerren emandako zazpi hilabeteak. Tarifatik 30 kilometrora, Afrikako herrialdean sartzeko atean turismoak uzten dituen hondarretatik bizi zen Karima. Kalea izan zen bere etxea. Bertan "denetarik zegoen", baina inoiz ez zukeen atzera egingo. Bere lehengo etxera itzuli den aldietan, miseriatik ihes egitea erabaki ona izan zela ziurtatu du berriro.

Tangerren, bat egiten dute Marokoko hazkunde ekonomikoak eta adingabe migratzaileek. Irudia: EiTB.

Bere bidaian indarkeria fisikoaren edo sexualaren biktima bilakatu diren neska adingabeetako bat da Karima. Tangerren, bortxatu egin zuten. "Zerbait txarra gertatu zitzaidan. Bortxatu egin ninduten", esan digu, labur. Tangerko kaleetan bizitako amesgaiztoa gogoratzen duenean, mina nabaritzen zaio begietan, gorputzean. Ez zuen Poliziaren aurrean salatu. Gainera, Meknesen utzitako mutil lagun nerabearekin arazoak ekarri zizkion bortxaketak.

"Berak ez zenien ezer niri buruz. Tangerren birjintasuna kendu zidatenean, deitu eta esan nion. Egia kontatu nion, bortxatu nindutela, eta ezin izan nuela Poliziara joan. Gezurra zela erantzun zidan, eta ez zuela niri buruz ezer gehiago jakin nahi", dio.

Ceutatik ia 80 kilometrora dago Tanger. Karimak askotan egin zuen bide hori. Europar Batasunean sartzea zuen helburu, eta 2012ko urtarrilaren 1ean, zenbait saiakeraren ostean, lortu egin zuen. "Oso beldur nintzen. Hesietatik ezin zara sartu, baina bi ate daude. Jende guztia dagoen ilaran jarri, eta, suertea baduzu, pasaporteak begiratzen dituen poliziarengandik ihes egin dezakezu, haien artean hitz egiten ari direla aprobetxatuta", azaldu digu.

Ordu laurdenean, Espainian sartu eta Iberiar penintsularako ontzi bat hartu zuen. Hainbeste denboran zehar esperotako ametsa gertu izateko, teknika bera erabili zuen, mugan zein portuan. Ferrya Cadizera heldu arte komunetan ezkutatu zen.

Ceutaren eta Algecirasen arteko bidaia, itsasontzian. Argazkia: EiTB.

Zorte oneko neskatoa izan zela uste du Karimak, "baxua eta argala" izateari esker Gabonetan muga betetzen ari zen jendetzaren artean sartu ahal izan zen, pasaporteen kontrolak saihestuta. Bidaian zehar zorte txarreko kasu asko ezagutu ditu. "Jende guztia ikusten duzu kamioiaren azpian. Poliziak linternekin begiratzen du jendea dagoen. Ume askori burua apurtzen zaie irrist egiten dutenean", kontatu digu. Marokora itzultzen denean irten nahi duten gero eta haur gehiago ikusten ditu: "Orain jaisten naiz eta ume guztiak ikusten ditut itxaroten, ihes egiteko aukera baten bila".

Emakume marokoar baten autoan Bilbora

Algecirasen, Tangerren bezalaxe biziraun zuen: bakarrik, kalean, pijama eta zapatila berberak jantzita. Laugarren egunean, kalean, 50 bat urteko emakume marokoar bat hurbildu zitzaion, bazkaltzera gonbidatu zuen eta Bilbora joango zela esan zion. "Osaba bat daukat bertan", esan zuen Karimak, gezurra izan aren.

Giroz aldatzeko aitzakia aproposa izan zen. Horrela, ezagutzen ez zuen leku hartara heldu ahalko zen, laguntza eman zion eta bere hizkuntza hitz egiten zuen emakume bati oratuta. Leher eginda, ibilbidearen 10 orduetan lo egin zuen.

Euritsu hartu zuen Bilbok. Oso beldur zen, eta egin zuen lehenengo gauza salbatzailetzat zuen emakumea uztea izan zen: "Nire osabarekin Facebook bidez hitz egingo nuela esan nion, nire bila etor zedin". Gaur egun, emakume hori berriz ikustea gustatuko litzaioke, denbora tarte labur horretan bere alde egin zuen guztiagatik eskerrak emateko.

Joan zenean, Ertzaintza heldu zen. "Itxura honekin ikusi ninduten, eta ikaratu egin nintzen, gainean pixa egiteraino. Polizia-etxean bost ordu egon nintzen. Beraien artean hitz egiten zutenean, ez nuen ezer ulertzen", esan du Karimak. Ogitarteko bat, freskagarri bat eta ur piloa eman zizkioten. Bertan, kapitulu berri bat hasi zuen. Adingabe zenez, harrera zerbitzuek babestuta egotera igaro zen.

Bere lehenengo adingabeentzako zentrora (Argileku, Barakaldo) iritsi zenean, bere lantokia zela uste zuen. "Ez genuen horrelako zentrorik Marokon. Etxebizitza garbi bat zen, bakoitza bere logelan… Mojak heldu ziren, eta nik lanera nentorrela uste nuen, baina dutxa bat hartu nuen, pijama bat eman zidaten eta lo egin nuen", azaldu digu.

"Ama lasaiago geratu zen nire ahotsa berriro entzutean"

Biharamunean, beste neska marokoarrek eta hezitzaileek bere egoeraren berri eman zioten, eta amarekin telefonoz hitz egiteko aukera izan zuen. Meknesetik irten zenetik, ez zekien ezer berari buruz. "Oso ikaratuta zegoen. Bihotzekoak izan zituen, eta joan nintzenetik ebakuntzak egin behar izan zizkioten. Ni entzutean, lasaiago geratu zen", gogoratu du Karimak. Bere hitzetan, ez dago damurik.

Arabieraz besterik ez zuen hitz egiten, eta "gaizki pasatzen nuen"; izan ere, ez zuen gaztelaniarik ez euskararik ulertzen. Bere istorioak aurrera jarraitu zuen, moldatzeko aldi luze batean, baina beti etorkizun baten bila bere familia uztera eraman zuen indar berarekin. Bilbon, genero indarkeriaren biktima izan zen, Alemaniara joan zen mutil lagun batena. Hezitzaileen, psikologoen eta medikuen laguntza izan zuen, ikastaroak, Lanbide Heziketa eta praktikak eskaintzen dituen harrera sare zabal baten barruan.

Gaur egun, adin nagusikoa da Karima, eta Bilbon bizi eta lan egiten du. Bizkaiko hiriburuko jatetxe batean egiten du lan, sukaldari. Bere ahizpa berarekin bizitzea lortu du, Europako beste nonbaitetik etorrita. Orain, harentzako lanaren bila dabiltza.

Urtean behin, gutxienez, bere herrialdera itzultzen da. Bertan mutil lagun bat omen du, eta amari laguntza ematen dio aldiro. Meknesen etxebizitza bat erosi dio, bere bazterreko auzotik ateratzeko. 24 urte ditu, eta bere bidaiak bizitza oso bat bezain luzea dirudien arren, atzera begiratzeko indartsu dago, eta irribarrez esan digu: "Gainditu egin dut". Orain, beste etorkizun bat ikusten du zeruertzean.

Albisteak (3)

Bideoak (10)