Itxi

Gorenaren epaia

Gorenaren epaiaren aurka helegitea aurkeztea aztertzen dabil La Manadaren abokatua

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

2016ko sanferminetan 18 urteko gazte bat bortxatzeagatik 15 urteko espetxe-zigorra ezarri die Auzitegi Gorenak Prendari, Escuderori, Cabezuelori, Bozari eta Guerrerori.

La Manada osatzen duten gizonezkoak. Argazkia: EFE / EiTB

Agustin Martin Becerra La Manada taldearen abokatuak larunbat honetan adierazi duenez, Auzitegi Gorenaren epaiaren kontra helegitea aurkeztea aztertzen dabiltza. "Zuhurtziaz arituko gara", esan du, "lehenik eta behin, epaia irakurriko dugu, Auzitegi Gorenaren arrazoiak ikusi eta, hortik abiatuta, Auzitegi Konstituzionalaren aurrean helegitea aurkeztea ala ez aztertu".

Sevilla I espetxearen atarian egin ditu Martinez Becerrak adierazpen horiek. "Politikari asko ebazpenak baloratzen ibili dira, hura ere irakurri gabe", kritikatu du.

Nafarroako Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiaren aurka defentsak aurkeztutako kasazio-errekurtsoak aztertu eta La Manadako bost auzipetuei 15 urteko espetxe-zigorra ezartzea erabaki zuten atzo Auzitegi Goreneko bost magistratuek, bortxaketa delitua egotzita. Honenbestez, sexu-abusua baztertu zuten, aurreko bi epaimahaiek egin ez bezala.

Horrela, Jose Angel Prenda, Jesus Escudero, Alfonso Jesus Cabezuelo, Angel Boza eta Antonio Manuel Guerrerori 15 urteko espetxe-zigorra ezarri die Gorenak. Gainera, azkenari beste 2 urteko zigorra ezarri diote 18 urteko Madrilgo gaztearen mugikorra lapurtzeagatik. Gorenak erantsi duenez, Guerrerok mugikorra larderiarekin lapurtu zuela frogatu dute; ondorioz, ez da ebasketa delitua, lapurreta larderiarekin baizik.

Albisteak (4)