Itxi

EKINTZA SOLIDARIOA

'Aita Mari' eta 'Open Arms' ontzien aldeko ekitaldia egin dute Donostian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Errefuxiatuen aldeko ekintza erreibindikatibo eta solidarioa egin dute 300 bat pertsonak goizean. Espainiako Gobernuari eskatu diote erreskateak egin ahal izateko baimenak emateko ontzi hauei.

Ekitaldi erreibindikatiboa Donostian. Argazkia: Maria Agirre | Euskadi Irratia

300 bat pertsonak bat egin dute gaur Donostian, hainbat Gobernuz Kanpoko Erakundek deituta, errefuxiatuen alde antolatutako "bainu solidarioan" eta Espainiako Gobernuari eskatu diote Open Arms eta Aita Mari ontziei erreskateak egin ahal izateko baimenak emateko.

Hogei bat erakundek egin dute deialdia, tartean: Amnistia Internazionala, SOS Arrazismoa, CEAR Euskadi, Euskadiko GKEen koordinadora eta Aita Mari proiektuaren atzean dagoen Itsas Salbamendu Humanitarioa taldea. Erakunde horietako kideez gain, komunikabideen edo sare sozialen bidez ekimenaren inguruan jakinaren gainean jarritako hainbat lagun ere agertu dira.

Ekainaren 20an Errefuxiatuen Eguna izan zen, eta data horren aitzakian antolatu da igande honetako ekintza. Parte-hartzaileek Kontxako gabarroia dagoen tokiraino igeri egin dute eta han "altxor" bat jaso dute: giza eskubideak gordetzen zituen kutxa bat, hain zuzen ere. Kutxa hori hondartzara ekarriaz amaitu da ekintza.

Argazkia: Maria Agirre | Euskadi Irratia

Aita Mari euskal atunontzia Mediterraneoan erreskateak egiteko birmoldatu zuten baina ezin izan dute zeregin horretarako erabili, baimenik eman ez dietelako. Hala, apiriletik, Grezian dauden errefuxiatuei laguntza humanitarioa emateko erabili dute.

Itsas Zuzendaritzak ukatu egin zien erreskaterako baimena. Batetik, "Espainiak jurisdikziorik ez duen uretako agintarien pean aritu behar" dutela argudiatuz; eta bestetik, "lehorreratzeko leku segurua bermatu behar delako".

Iñigo Gutierrez Itsas Salbamendu Humanitarioko presidenteak jarrera aldatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari eta baimenak eman ditzatela: "Negoziatu dezatela negoziatu behar dutena, portuak seguruak izan daitezen, eta lagun diezaiogun itotzen ari den jende horri".

Grezia hauteskunde prozesuan murgilduta dagoela ere azaldu du Gutierrezek, eta horrek euren lana oztopatu duela eta herrialdea utzi dutela. Datorren astean iritsiko da Aita Mari ontzia Pasaiara eta egonaldi hori ontzian hobekuntzak egiteko baliatuko dute.

Albisteak (1)

Bideoak (1)