Gorenaren epaiaren ostean
Erasoaren osteko epaiketa guztia txarrena izan dela esan du La Manadako biktimak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Epaiketa "azkenean" amaitu izana ospatu du gazteak. Halaber, prozesu luzea, gogorra eta akigarria izan dela aitortu du.
Epaiketa "azkenean" amaitu izana ospatu du La Manadako biktimak; halaber, bortxaketaren unean "pairatutakoa latzena ez zela izan" esan du, "atzetik etorri zen beste guztia baino", adierazi du.
Gazteak hiru urtez bizi izandako epaiketaren nondik norakoak gogoratu ditu, Telecinco kateko El Programa de Ana Rosa saiora bidalitako gutun batean.
"Luzea, gogorra eta, batez ere, akigarria izan da. Txarrena ez zen pairatutakoa izan, atzetik etorritako guztia baino", esan du.
Nafarroako Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiaren aurka aurkeztutako kasazio-errekurtsoak aztertu eta La Manadako bost auzipetuei 15 urteko espetxe-zigorra ezartzea erabaki zuten joan den astean Auzitegi Goreneko bost magistratuek saio publikoan, bortxaketa delitua egotzita. Honenbestez, sexu-abusua baztertu dute, aurreko bi epaimahaiek egin ez bezala.
"Orain esan dezaket merezi izan duela eta pixkanaka nire bizitzaren gidaritza berreskuratzen hasi naizela", esan du gazteak. Halaber, prozesu guzti horretan pertsona "bikainen" laguntza izan duela eta horregatik "zorionekoa izan dela" azpimarratu du.
Esaterako, instrukzio-epailearen babesa azpimarratu du, "inoiz" ez zuelako zalantzan ipini berak esandakoa; baita, 2016ko uztailaren 7an egokitu zitzaion abokatuaren laguntza ere; fiskala; medikuak; polizia; psikologoak; eta, bortxaketaren ostean laguntza eskaini zion bikoteari eskerrak eman dizkie.
Bestalde, "borrokak aurrera jarraitu behar duela" ohartarazi du gazteak. "Gizarteak eskatzen duen aldaketa izan behar gara. Gogora ezazue, konta ezazue; ez iezaiezue irabazten utzi", gaineratu du.
"Une zail horietan inork ez daki nola jokatuko duen, baina zuek erraz egin zenuten", esan du La Manadako biktimak. Horrenbestez, eskerrak eman dizkie Iruñeari zein Nafarroari "gogo biziak erakutsi baitituzte".
Bestalde, gertatutakoa kalez kale zabaldu duten elkarte eta pertsonei ere eskerrak eman dizkie, "Espainia osora barreiatu baitute".
"Eskerrik asko bakarrik utzi ez izanagatik; esker onekoa naiz, baina ez naiz heroia. Aurrera egiteko indarrak, askotan, bidean jasotako beroak eta babesak eman dit", bukatu du.