Itxi

Laguntza Mediterraneoan

Erreskate humanitarioaren debekua judizialki salatuko dute 'Aita Mari'ko arduradunek

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Ontzia igandean heldu zen Pasaiara. SMH gobernuz kanpoko erakundeak Pedro Sanchezen "norabide aldaketa" ez du ulertzen, orain "Salviniren politika bera" egiten ari delako.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Erakundeen eta funtzionarioen aurka lege ekintzak abiatuko dituzte Aita Mariko arduradunek. Ontziari "Mediterraneoan hiltzeko arriskuan dauden pertsonak erreskatatzeko operazioetan" parte hartzea eragozten ari direla uste dute.

Iñigo Mijangos SMH gobernuz kanpoko erakundeko presidenteak prentsaurrekoa eman du Pasaiako (Gipuzkoa) portuan. Ontzia igandean heldu zen bertara. Erreskate humanitarioko lanetan parte-hartzea eragozten duen debekua altxatzeko "borroka" egingo dutela iragarri du Mijangosek.

Debekua urratzeko asmorik ez dutela esan die Mijangosek kazetariei, besteak beste, 1.200.000 euroko isunak ezar diezazkielako nabigazio segurtasun falta larriagatik.

Horregatik, dagozkion alegazioak aurkeztu dituztela azaldu du. Merkataritza-nabigazioko Zuzendaritza Nagusiak egiaztagiriak, bidaiarienak esaterako, eskatzea "legez kanpokoa" dela uste dute.

"Despatxu garbi bat lortzeko borroka egingo dugu hilabete honetan, inongo murrizketarik gabe, eta lortzen ez baldin badugu, uharteetara itzuliko gara, baina Zuzendaritza Nagusiaren aginduak ez betetzeko asmorik ez dugu, besteak beste, isunari aurre egiteko baliabiderik ez dugulako, ez lirateke bideragarria", azpimarratu du.

'Aita Mari' erreskate ontzia Pasaiako (Gipuzkoa) portuan. Argazkia: EFE/Javier Etxezarreta

Crowfunding-a

Salaketa judiziala babestu nahi duten herritarrei dei egin die Mijangosek; izan ere, finantzatzeko "crowfunding-a" egiten ari dira.

SMHko presidenteak esan duenez, Aita Marik hobekuntzak eta konponketak behar dituelako itzuli dira Pasaiara, Greziako uharteetan "bermerik" emango zien tailerrik ez baitute aurkitu. Horregatik, portura bueltatzea erabaki dute, tripulazioaren atseden hilean konponketak egiteko.

Mijangosek Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen "norabide aldaketa" ez du ulertzen, Aquarius auzian "giza eskubideak eta pertsonak artatzeko betebehar morala" aldarrikatu ondoren, orain "Salviniren politika bera" egiten ari delako.

"Makillaje gehiagorekin, ñabardurekin, baina azkenean ondorioak berdinak dira, erreskate ontziak Mediterraneotik desagertzea. Bitartean, etorkin eta errefuxiatuen txalupek itsasoratzen jarraitzen dute, bide berriak bilatuz, Kanarietako bidea zabaltzen ari dira", adierazi du.

Albisteak (4)

Bideoak (1)