Biarritz
10.000-15.000 poliziak osatuko dute G7ko goi-bileraren segurtasun dispositiboa
Agentziak | Erredakzioa
Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuarekin bildu da Gasteizen. Ondoren Cristophe Castaner Frantziako Barne ministroarekin bildu da Hendaian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
G7ko goi-bileraren ondorioz aurrekaririk gabeko segurtasun dispositibo bat izango da Euskal Herrian. 10.000-15.000 poliziak Biarritz blindatuko dute. Segurtasun perimetroa Irunera arte helduko da, eta trafikoari eragingo dio Biriatuko mugan.
Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua Gasteizen bildu dira ostegun honetan, Biarritzeko (Lapurdi) goi-bilerak (G7) EAEn sor ditzakeen arazoak aztertzeko, batez ere segurtasun eta trafikoarekin lotuta, Biriatuko mugan. Goi-bilera abuztuaren 24tik 26ra egingo dute.
Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak eta Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak bileran parte hartu dute. Ezaugarri horietako bilera batek behar duen segurtasuna aztertu dute. Horrela, bide segurtasuna, ibilgailuen joan-etorria, babes zibila eta Polizia hizpide izan dituzte buruzagiek.
Bilera Eusko Jaurlaritzaren Lakuako (Gasteiz) egoitzan egin dute, Grande-Marlaska Cristophe Castaner Frantziako Barne ministroarekin bildu baino ordu batzuk lehenago. Abuztu amaieran, munduko zazpi potentzia ekonomikoen ordezkariak bilduko dira, Biarritzen: AEB, Japonia, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Italia eta Kanada.
Egun horietan Biriatutik Frantziara bidaiatzea saihesteko gomendatu du Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak, zonaldean izango diren kontrol eta neurriengatik. Itzulera operazioa abuztuko azken bi asteburuetan eman ohi da.
Segurtasun sailburuaren eta Barne ministroaren arteko aurreneko bilera iragan abenduan izan zen. 2017ko uztailean egindako azken Segurtasun Batzordean adostutako akordioen garapena eta bilakaera aztertu zuten orduan.
Bilera Gasteizen. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Bestalde, Marlaska eta Castanerren arteko bilera Muga Polizia Zuzendaritzaren egoitzan egin dute, Hendaian.
Bi estatuen arteko harreman onak azpimarratu dituzte bi ministroek bilera ondoren. Lankidetzan ari direla goraipatu dute. Goi-bileran 24 ordezkaritzak parte hartuko dute, eta 2.000 komunikabide baino gehiago izango dira, Castanerrek nabarmendu duenez.
Espainiako agintarien elkarlanerako borondatea agertu du Grande-Marlaskak. Frantziarekin lankidetza "urte askotako kontua da, guztiek ezagutzen ditugun arrazoi zehatzengatik", gogorarazi duenez.
"Espainiaren aldetik beharrezko, apropos eta neurrizko guztia jartzen ari gara. Elkarlanak G7ko goi-bileraren arrakastari lagunduko dio; mundu guztiarentzako emaitzak benetan positiboak izateko lasaitasunez igaro behar du", erantsi du Marlaskak.