Itxi

Immigrazioaren drama

41 migratzaile daramatzan ontzi bat Lampedusara doa, Salviniren betoa gorabehera

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Mediterranea GKEak salatu duenez, "higieneari eta osasunari dagokienez, egoera jasanezina geneukan ontzian". Italiako portuetan sartzea debekatu die Barne ministroak erreskate-ontziei.

'Alex' erreskate-ontziaren irudia. Argazkia: EFE

Mediterranea Gobernuz Kanpoko Italiako Erakundearen 'Alex' ontzia Italiako uretan sartu da larunbat honetan, ostegunean erreskatatutako 41 migratzaile daramatzala. Lampedusarako bidean dago, Matteo Salvini Italiano Barne ministroak erreskate-ontziei ezarritako betoa gorabehera.

GKEak salatu duenez, "higieneari eta osasunari dagokienez, egoera jasanezina geneukan ontzian", 41 migratzaileak hartzeko lekurik nahiko ez zutelako. Hori dela eta, hurbilen zuten Lampedusa uhartera doa ontzia.

Italiako portuetan sartzea debekatu die Matteo Salvini Italiako Barne ministroak erreskate-ontziei, legez kanpoko immigrazioa egotzita. Izan ere, Maltara abiatzeko eskatu zion 'Alex' ontziari, baina horrek muzin egin dio eta Italiako uretan sartu da 16:00ak pasata, tokiko orduan. Italiako Armadako hainbat ontzik harrera egin diote, eta Lampedusarako bidean eskolta emango diote.

54 migratzaile erreskatatu zituen joan den ostegunean Mediterranea GKEak, Libia parean. Horietatik 13 ebakuatu zituzten (haurdun zeuden emakumezkoak eta adin txikikoak zirelako), eta gainerakoak ontzian geratu ziren, eguzkipean, 'Alex' belaontziaren kubiertan.

Alessando Metz ontziaren armadoreak Twiterren azaldu duenez, "errazak ez diren erabakiak hartzera behartzen gaitu premiazko egoerak, eta horren erantzukizun hartzera", baimenik gabe Italiako uretan sartzeak ekar ditzakeen arazo legalak aipatuta.

Albisteak (3)