Itxi

Indarkeria matxista

Ainhoa Artetak bortxatu egin zutela kontatu du

EITB.EUS

Leer en Castellano

Soprano tolosarrak 25 urte zituen sexu erasoa jasan zuenean. 'Oso gogorra izan zen. Bortxatzeaz gain, hil ninduen ia', aitortu du.

Ainhoa Arteta. Argazkia: Bernardo Doral

Ainhoa Arteta opera abeslari ezagunak jakinarazi duenez, gizon batek bortxatu egin zuen 25 urte zituenean, New Yorken (AEB). "Oso gertakari gogorra izan zen, asko markatu ninduen. Bortxatzeaz gain, hil ninduen ia", aitortu du. 

TVE-1eko "Retratos con Alma" telebista saioan kontatu du pairatutako bortxaketa. Artetaren hitzetan, "New Yorken gertatu zen, ikasten ari nintzela. Bizi nintzen lekua egunez haragiaren azoka zen, eta gauez, prostitutena, proxenetena, drogena".

Garai hartan, Arteta oso berandu heltzen zen etxera, "familia bat eta neskato bat zaintzen nituelako". Egun batean, bere lehen opera eskuratu zuen egunean, gizon batek bortizki bortxatu zuen. "Bortxatzeaz gain, hil ninduen ia", aitortu du. Poliziara jo zuen abeslari tolosarrak, eta han esan ziotenez, "pozik egon behar nintzen hil ez nindutelako".

Jasandako sexu erasoa gorabehera, bere zereginekin jarraitu zuen Artetak. Azaldu duenez, "biharamunean ez nuen dolua egiteko astirik, gertatutakoa pentsatzeko betarik ere". Izan ere, Clorinda operaren partitura ikasi behar zuen lau egunetan, Palm Beachen lehen aldiz aritzeko.

Bortxaketak "asko markatu" zuela kontatu du Artetak. Horren esanetan, "bizitza osorako markatzen zaituzte halakoek. Gizonen bat hurbiltzen zitzaidan bakoitzean, nazka ematen zidan. Irmo baztertu izan dut, askotan edukazio txarrarekin".

Denborak eta terapiak lagundu diote, eta horri esker "hitz egin" dezake orain. Adierazi duenez, "10 urte eman nituen gaiaren inguruan hitz egin ezinda".

_____________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.



Informazio gehiago (1)