Itxi

Integrazioa

Autismoa duen mutiko bat Bilboko udaleku batetik kanporatu dutela salatu dute

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Udalekuak hasi ziren egunean, mutikoak autismoa duela jakinarazi zien adin txikikoaren amak begiraleei, eta une horretan ez zioten inolako trabarik jarri bertan parte hartzeari.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Autismoa duen 6 urteko mutiko bat Bilboko Udalak antolatutako udaleku batetik kanporatu dutela salatu du ostegun honetan Lagundu NEE elkarteak, hezkuntza-premia bereziak dituzten familia guztiei hezkuntza-eskubideak bermatu eta horiei aholkuak emateko helburua duena.

Elkarte horrek ohar batean azaldu duenez, Bilboko ama batek jarritako salaketa jaso du, bere semea "autismoa izateagatik musika sustatzeko udaleku batetik kanporatu ostean". Ondorioz, Udalak antolatutako jarduera horretako azken egunean parte hartzeko aukera galdu zuen.

Amak azaldu duenez, udaleku horretako arduradunek bazekiten umeak behar bereziak dituela, 2017ko udalekuetan parte hartu zuelako jada, "inolako arazorik izan gabe".

Aurten, udalekuak hasi ziren egun berean, mutikoak autismoa duela jakinarazi zien adin txikikoaren amak begiraleei, eta une horretan ez zioten inolako trabarik jarri bertan parte hartzeari.

Aurreneko bi egunak "normaltasunez" igaro ziren, baina hirugarren egunean udaleku horretako begiraleek amari deitu zioten, "haurra eraman zezan eskatzeko". Udaleku horretako arduradunaren esanetan, mutikoa "noraezean zebilen eta beste ume batzuk urarekin busti zituen".

"Ostegunean, uztailaren 18an, umea pozik bueltatu zen udalekuetara, aurreko egunetan bezala. Alabaina, udalekutik irtetean, ostiralean ez bueltatzeko esan zioten familiari", elkartearen arabera.

Arduradunei azalpenak eskatu zizkietenean, ordea, ez zieten erantzunik eman. Horren harian, elkarteak salatu du gurasoei emandako tratua "mespretxagarria eta enpatiarik gabea" izan zela.

Udaleku horretako arduradunetako batek adierazi zuenez, "ezin zaio talde guztiari kalte egin haur baten mesederako", eta "udaleku horrek ez du arreta jartzen horrelako haurrengan", izan ere, "horretarako beste udaleku batzuk daude hirian".

Lagundu NEE elkarteak esan duenez, "umea da kaltetu nagusia", Bilboko Udalak antolatutako "udaleku horretatik kanpo" utzi dutelako. "Inon ez dute ohartarazi desgaitasunen bat duten haurrei zuzentzen ez den udaleku bat denik", gaineratu du elkarteak.

Bideoak (1)