Indarkeria matxista
Sei gizonezko atxilotu dituzte Bilbon taldekako bortxaketa egitea leporatuta
eitb.eus
Sexu-erasoa gauerdian izan da, Etxebarria parkean, biktimak 18 urte ditu, eta ustezko erasotzaileak atxilotu eta ertzain-etxera eraman dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Sei gizonezko atxilotu dituzte Bilbon gaur, ostirala, 18 urteko emakume bati taldekako bortxaketa egin diotelakoan.
ETBk baieztatu ahal izan duenez, bortxaketa Etxebarria parkean izan zen gauerdian.
Antza denez, biktima gizon batekin geratu zen Etxebarria Parkean, Instagram bidez, baina zitara sei agertu ziren. Beldurtuta, neskatoak ihes egin zuen Gasaren Plazarantz, korrika, baina erasotzaileetako bat atzetik joan zitzaion, eta pistola simulatu batekin mehatxu egin zion.
Une horretan, beste gizonak bertaratu ziren, eta seirek bortxatu egin zuten.
Horren ondoren, biktima Basurtuko Ospitalera joan zen amarekin, eta beharreko proba eta analisiak egin eta gero, zentroak Guardiako Epaitegira deitu zuen, gertatutakoa salatzeko.
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak bilaketa sutsua abiatu zuten, erasotzaileak topatzeko, eta lortu egin zuten goizaldeko 04:30ean, Erribera Merkatuaren inguruan, neskatoak emandako deskribapen zehatzei esker. Gizonak ezagunak zituzten poliziek, batzuek aurrekariak dituztelako.
Susmoak baieztatzeko, emakumeak sei gizonak identifikatu egin zituen auto batetik.
Erasoak haserrea eragin du gizartean. Horren ildotik, milaka emakumek elkarretaratzea egin dute Arriaga Plazan, bortxaketa gaitzesteko eta beldurrik gabe espazio publikoa okupatu ahal izateko eskubidea aldarrikatzeko.
Elkarretaratze jendetsua Arriaga Plazan. EFE
Erakundeen gaitzespena
Bilboko Udalak “irmotasun osoz gaitzetsi eta bere samina” agertu du Etxebarria Parkean izandako taldeko bortxaketagatik, eta deitutako protestekin bat egingo duela aurreratu du.
Halaber, ohar baten bidez adierazi duenez, “Genero Indarkeriaren alorrean Arretarako eta Prebentziorako Programaren udal zerbitzuak horietaz baliatu behar dituztenen esku jarriko ditu”.
Hala, talde politikoek “horrelako ekintzak arbuiatu eta ulertezintzat” jotzen dituela adierazi dute. Era berean, “emakumeari baita gertukoei ere, gure babesa helarazi gura diegu”, gaineratu dutenez.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, berriz, "arbuiagarria, jasanezina, onartezina" dela onartu du. Aldi berean, legearen eta justiziaren zama guztia taldekako bortxaketaren egileen gainera erortzea eskatu du, "etorkizunean berriro ere horrelakorik egin ez dezaten".
Gainera, bere haserre eta sumindura azaltzeko eta biktimari elkartasuna agertzeko eskatu dio Aburtok Bilboko gizarteari.
Bilboko auzo elkarteek erantzun instituzional "urria" salatu dute
Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak goizaldean Bilbon izandako taldekako bortxaketa gaitzetsi du eta horrelako sexu erasoen aurrean dagoen "erantzun instituzional urria" salatu du.
Sexu erasoengatik ezarritako epaiek ez dute, auzo elkarteen esanetan, gizonezkoen kontzientzietan aldaketa sakonik eragin. Hori dela eta, emakumeen aurkako indarkeriari amaiera emateko garaia dela aldarrikatu dute.
Albiste honi buruzko informazioa ETB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoriako albistegietan eguneratuko da, baita eitb.eus-en ere.
_________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.