Indarkeria matxista
Gaitzespena eta samina Bilboko Udalean bortxaketagatik
eitb.eus
Talde politikoek gogorarazi dutenez, "eraso sexual eta sexistek gizartean eta gure bizimoduan ematen den indarkeria matxista islatzen dute", eta jarrera aktiboa izatea eskatu dute.
Bilboko Udalak “irmotasun osoz gaitzetsi eta bere samina” agertu du Etxebarria Parkean izandako taldeko bortxaketagatik, eta deitutako protestekin bat egingo duela aurreratu du. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, bere aldetik, "arbuiagarria, jasanezina eta onartezina" dela esan du.
Halaber, Udalak ohar baten bidez adierazi duenez, “Genero Indarkeriaren alorrean Arretarako eta Prebentziorako Programaren udal zerbitzuak horietaz baliatu behar dituztenen esku jarriko ditu”.
Hala, talde politikoek “horrelako ekintzak arbuiatu eta ulertezintzat” jotzen dituela adierazi dute. Era berean, “emakumeari baita gertukoei ere, gure babesa helarazi gura diegu”, gaineratu dutenez.
Udalaren esanetan, horren moduko ekintzek “osotasun fisiko eta moralaren kontrako erasoa izateaz gain, giza-eskubideen haustura larri eta jasanezina dakarte berez”. “Guztiok azaldu behar dugu emakumeen aurkako indarkeriaren edozein agerraldiren kontra. Horretarako, ekintza horiek salatu behar ditugu, ez ditugu baimendu behar eta haien aurrean ezin gara isildu; aitzitik, gure babesa erakutsi behar diegu jasaten dituztenei, hitz batean, banakako eta taldeko erantzukizuna gure gain hartu behar dugu eraso matxisten aurrean”.
Aburtok erasotzaileak gogor zigortzea eskatu du
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, bere aldetik, legearen eta justiziaren zama guztia taldekako bortxaketaren egileen gainera erortzea eskatu du.
Aburto alkateak bideo bat eskegi du Twitter sare sozialeko bere kontuan, sexu erasoa salatuz.
Rabia e impotencia. Justicia y ley.
Una vez más, #NoEsNo. En #Bilbao no vamos a dar ni un paso atrás contra la #ViolenciaMachista pic.twitter.com/rBhb915jMj
"Amorrua, inpotentzia sentitzen dut. Arbuiagarria, jasanezina, onartezina da", azpimarratu du. "Eror dadila legearen eta justiziaren zama guztia gaizkile hauen gainera etorkizunean berriro ere horrelakorik egin ez dezaten", gaineratu du.
Halaber, bere haserre eta sumindura azaltzeko eta biktimari elkartasuna agertzeko eskatu dio Aburtok Bilboko gizarteari.
"Bilbon, ez, ezetz da", amaitu da.
Albiste honi buruzko informazioa ETB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, , Radio Vitoriako albistegietan eguneratuko da, baita eitb.eus-en ere.
_________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.