Migrazioa
'Open Arms'-ek ukatu egin du Maltan lehorreratzeko aukera, Calvok esan bezala
Agentziak | Erredakzioa
Maltako portuan lehorreratzeko aukera izan zutela esan du Espainiako Gobernuko presidenteordeak, baina ontzi horretako arduradunek Italiara joatea erabaki zutela gaineratu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Carmen Calvo Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordeak astelehen honetan ziurtatu duenez, ‘Open Arms’ ontzian dauden migratzaileen lehorreratzea bermatu ahal izateko bere esku dauden “aukera guztiak” eskaini dizkio Sanchezen gobernuak Proactiva Open Arms Gobernuz Kanpoko Erakundeari (GKE). Gauzak horrela, egoerari irtenbide bat emateko “Espainiak zer gehiago egin dezakeen” galdetu dio erakundeari. Halaber, ontzia Maltako portuan lehorreratzeko aukera izan zuela esan du, baina Italiara joatea erabaki zutela gaineratu du.
Calvok nabarmendu duenez, Maltan porturatzeko aukera zuten, eta Espainiako gobernua “etenik gabe lanean aritu zen migratzaileak banatzeko”. “Maltak argi utzi zuen ez zituela migratzaileak hartuko, baina erreskatatuak banatzeko prest geunden Espainia, Luxenburgo, Errumania, Alemania eta Frantzia”.
Alabaina, Calvok ziurtatu duenez, ‘Open Arms’ ontziko arduradunek ez zuten Maltan lehorreratu nahi izan, eta Italiara joan zen, herrialde horretako justiziak Matteo Salvini Italiako Barne ministroak sinatutako debekua indargabetu ostean. Dena dela, ebazpen horrek ez zuen zehazten ontziak Italian lehorreratzeko baimena zuenik, eta Salvinik hori arrazoitu zuen.
“Lampedusatik gertuen dagoen Espainiako portu batera joatea proposatu diegu, baina ezin ditugu gure portuak Italiara eraman”, esan du Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordeak. Hala, “Espainiak zer gehiago egin dezakeen” galdetu dio erakundeari.
“Portu batean lehorreratzeko baimenaren zain jarraitzen duten bitartean, egoera jasanezina izatea eta ziurgabetasuna eta etsipena nagusitzea uler dezaket, baina portu seguru batera joateko berme guztiak dituztenean, ez dugu uste arazorik dagoenik”, azaldu du Calvok.
"Errealitatea lausotzea" leporatu dio ‘Open Arms’-ek Calvori
Bestalde, Ricardo Gatti ‘Open Arms’-eko arduradunak "errealitatea lausotzea" leporatu dio Calvori, Maltan lehorreratzeko “aukera baztertu” eta Italiarantz joan zirela azpimarratu ostean.
Hala, ‘Open Arms’-eko ordezkariak Calvoren adierazpenak ukatu ditu, eta abuztuaren 10ean erreskatatutako 39 migratzaileak beste ontzi batera eramaten saiatu zirela ziurtatu du. Izan ere, aurretik erreskatatutako 121 migratzaile zeramatzaten ontzian, eta ez zuten pertsona gehiagorentzako tokirik.
Erakundeak azaldu duenez, egun horretan urduritasuna nagusitu zen ontzian, egun gehiago zeramatzaten migratzaileek ez zutelako ulertzen zergatik lehorreratu zezakeen iritsi berri zen taldeak, haiek ontzian jarraitu behar zuten bitartean.
‘Open Arms’ Balearretara joateko prest dago
‘Open Arms’ ontzia Balearretako portu batean lehorreratzeko prest agertu da astelehen honetan, Italiak eta Espainiak ontzian dauden 107 migratzaileen segurtasuna bermatzeko “beharrezko neurriak hartzen badituzte”. Ontziak 18 egun daramatza Lampedusatik (Italia) gertu, portu seguru baten bila.
Hala adierazi du Proactiva Open Arms Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) ohar batean, Algecirasko portuan (Cadiz) lehorreratzeko Espainiako Gobernuak igandean egin zion proposamena baztertu ostean, aukera hori "ez dela bideragarria" iritzita.
“Espainiak eta Italiak akordio bat lortu badute, ezinbestekoa da ontzian dauden pertsonak portu seguru batean lehorreratu ahal izateko beharrezko neurriak bere gain hartzea bi herrialde horiek”, azpimarratu du erakundeak.