Itxi

Sizilia

Italiak Open Arms ontzia atxiki du segurtasunean 'arazo larriak' atzeman ostean

agentziak

Leer en Castellano

OOpen Armsek azaldu duenez, "ura eta olioa banatzeko mekanismoan" atzeman dituzte arazoak. Ocean Viking ontziak ohartarazi du soilik bost egunerako janaria dutela; 365 migratzaile daude bertan.

Open Arms, Siziliako Porto Empedocle kaian. Argazkia: EFE

Italiako agintariek Open Arms ontzia atxiki dute Sizilian, segurtasun neurrietan "arazo larriak" daudela baieztatu eta gero, Italiako Kostazainek ohar baten bidez jakinarazi dutenez.

Haien esanetan, itsasontzira igo dira eta "nabigazioaren segurtasunarekin, itsasoko ingurumena babesteko legediarekin, eta larrialdi egoeretarako prozeduren ezagutzarekin lotutako arazo larriak" daudela ondorioztatu dute.

Hortaz, ontzia ezingo da Porto Empedocletik (Agrigento, Sizilia) irten, "ikuskaritzan atzemandako irregulartasun teknikoak eta operatiboak zuzendu arte".

Proactiva Open Arms GKEak ostegunean adierazi duenez, Italiako Kostazainek atzemandako gabeziak zuzendu eta itsasoratuko da "itsasoan bizitzak salbatzeko misioarekin jarraitzeko", Agrigentoko Fiskaltzaren lanak bukatutakoan.

Ohar baten bidez GKEak azaldu du ontziak "Espainiako Merkataritza Nabigaziorako dauden eskakizun guztiak bete" dituztela. Gainera, maiatzean "urteko ziurtagiriak berritu" egin zituzten.

Horren ildotik, Open Armsen esanetan, italiarrek aipatutako arazo larriak "ura eta olioa banatzeko mekanismoan" atzeman dituzte, eta "ahalik eta lasterren zuzenduko ditugu Empedocle portuan, bertan porturatuta dagoen bitartean".

GKEaren arabera, Italiako Kostazainek segurtasun maniobrak egitea eskatu diote tripulazioari. "Tripulanteek jasan duten egoera gogorraren ondorioz, simulakroetan ez dute eman behar zuten maila eman", azaldu dute.

Bost egunerako janaria

Bestalde, Ocean Viking itsasontziak (365 migratzaile daramatza) soilik datozen bost egunetarako janaria dauka, Mugarik Gabeko Medikuak eta Sos Mediterranee erakundeek ohartarazi dutenez.

"Bost egunetarako janaria geratzen zaigu", esan dute Twitterren. Gainera, gogorarazi duenez, salbatutako pertsonek 14 egun daramatzate ontzian, oraindik zehaztu ez duten portura noiz iritsiko zain. Medikuek abisatu duenez, guztien buruko osasun egoerak "okerrera egin du denbora gutxian".

Albisteak (3)