Epaiketa Donostian
Fiskalak kartzela eskatu du La Manadako hiru kiderentzat betaurrekoak lapurtzeagatik
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoako Fiskaltzak bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Jose Angel Prenda eta Angel Bozarentzat; Antonio Manuel Guerrerorentzat, berriz, sei hilabeteko zigorra eskatu du.
Jose Angel Prenda, Angel Boza eta Antonio Manuel Guerrero epaitu dituzte gaur Donostian eguzkitako hainbat betaurreko lapurtzea leporatuta. Egun, hirurak espetxean daude, 2016ko sanferminetan emakume bat bortxatzeagatik 15 urteko kartzela-zigorra ezarri zietelako. Donostiako lapurreta sexu-erasoaren bezperatan burutu zuten, 2016ko uztailaren 5ean, hain zuzen ere.
Epaiketa epaiaren zain geratu da. Agustin Martinez defentsako abokatua Fiskaltzarekin akordio bat egiten ahalegindu da, baina honek bereari eutsi dio eta bederatzi hilabeteko espetxealdia eskatu du Prenda eta Bozarentzat, eta sei hilabetekoa Guerrerorentzat, lapurtutako betaurrekoetako bat itzuli egin zuelako.
Akusatuen abokatuak esan du gainerako auzipetuek ere lapurtu zituzten betaurrekoen balioa dirutan ordaindu dutela eta, ondorioz, aringarri hori aplikatu diezaietela eskatu du.
Epaiketa 10:30ean hasi da. Akusatuek bideokonferentzia bidez hartu dute parte saioan, Andaluziako Puerto III, Albolote eta Sevilla I espetxeetan daudelako preso.
Defentsako abokatuak auzia artxibatzea eskatu du, Fiskaltzak akusazio-idatzia epez kanpo aurkeztu duela eta, beraz, arduragabekeriaz jokatu duela argudiatuta. Eskaera, baina, atzera bota dute.
Epaiketan, lapurreta izan zen optikako jabeak lekuko gisa deklaratu du eta salaketa berretsi du. Akusatuen abokatuak salaketa lapurreta gertatu eta 15 egunen buruan jarri izana aurpegiratu dio. Dendaren jabeak esan du segurtasun kamerek grabatutako irudiak eskuratzeko zailtasunak izan zituela eta, besteak beste, horregatik jarri zuela berandu salaketa.
Bere esanetan, bost betaurreko lapurtu zizkioten; akusatuek, berriz, hiru lapurtu zituztela aitortu dute.
Epaiketan ertzain batek ere deklaratu du lekuko gisa. Segurtasun kamerek grabatutako irudietan hiru edo lau gizonek betaurrekoak lapurtzen dituztela eta denak batera dendatik ateratzen direla ikus daitekeela kontatu du.