Itxi

Klimaren greba

Milioika lagunek hartu dituzte mundu osoko kaleak klima-aldaketaren aurka

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

150 herrialdetan baino gehiagotan, Euskal Herriko hiriburuetan ere bai, eta nazioarte-mailan mobilizazioz betetakoa izango den aste baten atarian, manifestazio oso jendetsuak egin dituzte.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Mundu osoko milioika manifestatzailek hartu dituzte kaleak ostiral honetan klima-aldaketaren aurkako neurri zorrotzak eskatzeko asmoz. Nazioarte-mailan mobilizazioz beterikoa izango den aste baten atarian, eta handinahi handiko greba global baten testuinguruan, 150 herrialdetako baino gehiagoko zenbait hiritan egin dituzte manifestazioak, Euskal Herriko hiriburuetan ere bai; horien bidez, parte-hartzaileek galdegin diete Gobernuei sendotasuna, krisi klimatikoaren aurka.

Horrela, 5.000 protesta-ekintza baino gehiago zeuden deituta "Global Climate Strike" izeneko mundu-mailako egun honetan; horrenbestez, hasiera eman zaie astelehenetik aurrera egingo dituzten mobilizazioei eta grebei; hilaren 23tik 27era arte izango da astebete hori, eta New Yorken NBEk deituta duen ekintza klimatikoaren goi-bilerarekin bat egingo du.

Milioi bat lagun, New Yorken

Bertan, New Yorken, gutxi gorabehera milioi bat lagun joan dira Foley plazara, "Klimaren Greba" izenekoari hasiera emateko asmoz; tartean, milaka ikasle zeuden. Ibilaldian Greta Thunberg ekintzaile suediarra ere izan da, eta 50 GKE baino gehiago atxiki zaizkio.

Ondorengo goiburuak izan ditu manifestazioak: "Gure planeta salbatu", "Ezin dugu esan ez genekiela", "Ez dago B planik", edo "Zientzia da, ergel". Estatu Batuetako beste mila hiritan ere egin dituzte protestak.

Euskal Herriko hiriburuetan ere, manifestazioak

Baionan, Bilbon, Iruñean, Donostian eta Gasteizen ere, ehunka lagunek, tartean gazte askok, parte hartu dute deituta zeuden manifestazioetan.
Espainiar Estatuan, greba orokorra datorren ostiralerako deitu badute ere (hau da, hilaren 27rako), ehunka gaztek eserialdia egin du Diputatuen Kongresuaren aurrean.

BIDEOA | 'Fridays for Future' ekimenaren elkarretaratzea Donostian

BIDEOA | Iruñeak klima aldaketaren aurkako neurriak aldarrikatu ditu

BIDEOA | 'Fridays for Future' mugimenduak ehunka lagun bildu ditu Bilbon 

Frantzian, bitartean, milaka gazte eta ikasle izan dira Parisko manifestazioan; larunbatean berriro egingo dute protesta Frantziako hiriburuan, baina "txaleko horiek" izenekoek hartuko dute manifestazioaren lidergoa, eta horrek agintarien kezka eragin du.

Alemaniak 54.000 milioi euro erabiliko ditu klima-aldaketaren aurka

Protesta-egun honetan, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak iragarri du beroketa globalaren kontrako plan bat: ondorengo lau urteotan, Alemaniak 54.000 milioi euro erabiliko ditu horren aurka borrokatzeko. Besteak beste, karbono dioxidoaren isuriak tasa berri bat bezala balira kargatuko dituzte, ibilgailuentzako eta berokuntzarako erregaiak garestiagoak izango dira, hegazkin-txartelak bezala, eta, aldiz, trenez bidaiatzea merkeagoa izango da eta sustatuko dituzte energia eolikoa eta eguzki-energia, laguntzen eta pizgarrien bidez.

Albisteak (1)

Bideoak (4)