Itxi

KRISI KLIMATIKOA

Azken bost urteak inoizko beroenak izan dira

AGENTZIAK| ERREDAKZIOA

'United in Science' aldaketa klimatikoari buruzko txosten eguneratuena aurkeztuko du NBEak astelehen honetan Klimaren Goi Bileran, oso datu kezkagarriekin.

Azken bost urte hauek, 2015etik 2019ra artekoak, inoiz erregistratu diren beroenak izan dira Nazio Batuen Erakundeak (NBE) astelehen honetan Klimaren Goi Bileran aurkeztuko duen txosten eguneratuenak ohartarazten duenez.

"United in Science" izeneko txostenaren arabera, gero eta tarte handiagoa dago nazioarteak klima-aldaketa gelditzeko ezarri dituen helburuen eta egoera errealaren artean.

2015etik aurtenera urtez urte erregistratutako tenperatura, esate baterako, garai aurre-industriala (1850-1900) baino 1,1 gradu zentigradu altuagoa da eta 2011tik 2015era baino 0,2 gradu altuagoa.

Tenperatura igoera horrek itsasoko izotzaren galera ekarri du eta 1979tik 2018ra %12 galdu da hamarkada bakoitzean. Zehazki, sei aldiz areagotu da Antartidan urtutako izotz kopurua 1979tik.

Horrekin batera, 2007tik 2016ra, urtero 4 milimetro gutxi gorabehera igo da itsasoaren maila eta ozeanoen azidotasunak %26 egin du gora industria-aroa hasi zenetik.

Gaur egun baino CO2 kontzentrazio gehiago soilik duela 3-5 milioi urte erregistratu zen

Dokumentuaren arabera, negutegi efektua sortzen dute gasak -karbono dioxidoa, metanoa eta oxido nitrosoa- balio maximotan daude.

Hain zuzen ere, egungoa baino CO2 kontzentrazio handiagoa erregistratu zen azken aldia duela 3 edo 5 milioi urte izan zen, tenperatura globala orain baino 2-3 gradu altuagoa zenean, Groenlandia eta mendebaldeko Antartidako izotz geruzak urtu zirenean eta itsas-maila orain baino 10-20 metro altuagoa zen garaian.

Parisko Akordioan herrialdeek adostu zituzten neurriekin 2,9 eta 3,4 gradu artean igoko da tenperatura txosten honen arabera, adituek 1,5 gradutik ez igotzea gomendatzen dutenean. Eta zifra hori ez gainditzeko, herrialde horiek proposatu zituzten neurriak bost aldiz areagotu beharko lituzkete edo hiru aldiz areagotu, 2 graduko igoera ez gainditzeko.

Astelehenean Goi Bileran eta asteartean agintariei aurkeztuko diete txostena

Nazio Batuen Erakundean astelehenean ospatuko duten Klimaren Gai Bilerarako osatu duten txostenak hiru ardatz ditu: gizakiak eragindako aldaketak klimatikoak planetan duen eraginaren analisia batua, ematen ari zaion erantzuna eta etorkizuneko ondorioak.

Munduko Meteorologia Elkarteak Koordinatuta, nazioarteko zortzi agentziak emandako datuekin egin dute. Astelehenean Goi Bileran eta asteartean agintariei aurkeztuko diete.

"Txostenean agertzen diren datu zientifikoak aldaketa klimatikoari buruzko eguneratuenak dira" esan du Zientzia Aholkulari Taldeak.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak datu horiei arreta jarri eta nazioarteko agintari guztiei "bat egin eta modu egokian jokatzeko" eskatu die. 

Albisteak (4)

Bideoak (1)