Kantabria
Gizon baten burua aurkitu dute kutxa baten barruan Castro Urdialesko etxe batean
Agentziak | Erredakzioa
Baliteke biktima otsailetik desagertuta zegoen gizon bat izatea, Bilbon, Balmasedan eta Laudion lan egin zuena. Emakume bat atxilotu dute horrekin lotuta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gizon baten burua aurkitu dute larunbat goizaldean Castro Urdialesko etxebizitza batean, kutxa baten barruan. Guardia Zibilak emakume bat atxilotu du horrekin lotuta.
Pertsona hori asteburuan atxilotu dute, Mar Llana eraikinean, Padre Basabe kalean. Antza, han bizi da atxilotua, eta bertan aritu dira miaketa egiten.
ETBk jakin duenez, baliteke biktima otsailetik desagertuta zegoen gizon bat izatea, Kantabrian jaiotakoa baina Bilbon, Balmasedan eta Laudion lan egin zuena, banku batean.
Goizean, Guardia Zibila ibili da bertan, eta Polizia Zientifikoa ere bertaratzea espero dute.
Guardia Zibilak ez du atxiloketaren nondik norakoen berri eman, ezta atxilotua emakumezkoa edo gizonezkoa den esan ere. Ikerketa abiatu dute gertatutakoa argitzeko, eta epaileak sekretupean jarri du sumarioa.
Guardia Zibilaren iturriek EFEri baieztatu diotenaren arabera, burua emakume batek topatu zuen, eta norena den identifikatzeko lanean ari dira.
Gorpua Santa Ana kaleko etxebizitza batean aurkitu dute, herriaren iparraldean, zezen-plazatik gertu.
El Diario Montañés egunkariak astelehenean jakitera eman duenez, osasun-zerbitzuek artatu behar izan zuten kutxa barruan burua aurkitu zuen emakumea; izan ere, antsietate-krisia izan zuen.
Egunkari horren hitzetan, lagun batek eman omen zion kutxa emakumeari, eta kutxa jaso eta bi egunetara, ireki egin zuen, usain oso txarra zeriolako.
Sumarioa sekretupean dago, Castro Urdiales udalerriko zaintzako epaileak erabakita.