Itxi

Zirkulazioa

Goiz korapilatsua Bilboko zirkulazioan, San Mameseko sarbidea itxita egon ostean

eitb.eus

Leer en Castellano

Hiribildurako sarrera eta irteera bi orduz izan da itxita Bizkaiko metalaren sektoreko langileen protestengatik; , gainera, bi istripuren ondorioz, auto-ilara luzeak izan dira A-8an, Irunera bidean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Kaosa izan da Bilboko zirkulazioan asteazken goizean; izan ere, batetik, San Mameserako sarbidea erabat itxita egon da bi orduz, eta, bestetik, bi zirkulazio-istripu izan dira, Zorrotzan eta Malmasinen, eta, ondorioz, auto-ilara luzeak izan dira A8an, batez ere Irunera bidean.

Goizeko lehen ordutik, arazoak izan dira San Mames parean. Horrela, 09:30 aldera, bertako sarbidea ireki dute, eta gidariek berriro izan dute aukera hiribildura sartzeko eta bertatik irteteko bertatik. 07:30etik izan da sarbidea erabat itxita, Bizkaiko metalgintzako langileek deitutako manifestazioaren ondorioz. Bidea zabaldu eta gero, baina, manifestazioak Bilboko erdiguneko hainbat kale zeharkatu ditu, eta, hortaz, batetik bestera autoz joateko arazoak izan dira Bilbon.

Horrez gain, bi istripu izan dira, bata Zorrotzako bihurguneetan eta bestea Malmasinen, eta, ondorioz, auto-ilara luzeak izan dira Irunera bidean. Zorrotzako istripua 07:15ean gertatu da, eta bi ibilgailu izan dira tartean; pertsona bat arin zauritu da. Bigarren ezbeharra, Malmasingoa, hiru ibilgailuren artekoa izan da, baina ez da inor zauritu.

Hirugarren greba-eguna, Bizkaiko metalgintzan

Bizkaiko metalgintza sektoreko langileek bost greba-egun deitu dituzte aste honetarako (gaurkoa hirugarrena da), lan-hitzarmena aldarrikatzeko.

Manifestazioa 07:30ean abiatu da EiTBren egoitza paretik Euskadi Plazarantz (bertan dago sektoreko patronalaren egoitza). Gainera, elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

Bideoak (2)