Saria
Medikuntza Nobel saria, Kaelin, Ratcliffe eta Semenzarentzat
EITB.EUS
Zelulek nola 'arnasten' duten deskubritzeagatik saritu nahi izan dituzte hiru medikuok.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Peter J. Ratcliffe ikertzaile britainiarrak eta William G. Kaelin eta Gregg L. Semenza ikerlari estatubatuarrek irabazi dute 2019ko Medikuntzako Nobel saria, medikuntza molekularraren alorrean egindako ikerketengatik, Stockholmeko Karolinska Institutuak astelehen honetan jakinarazi duenez.
Zehazki, “geneen jardueraz arduratzen den prozesu molekularra” identifikatzea lortu dute hiru zientzialariek, “zelulak oxigeno maila aldakorretara nola egokitzen diren argituz”, Karolinska Institutuak azaldu duenez.
Gauzak horrela, oxigeno mailek metabolismo zelularrari eta funtzio fisiologikoari nola eragiten dieten ulertzeko oinarria ezarri dute, eta horrek "anemiari, minbiziari eta beste gaixotasun askori aurre egiteko tratamendu berriak garatzen lagunduko du", Institutuaren azalpenaren arabera.
Oxigenoaren funtsezko garrantzia mendeetan zehar ulertu da, baina luzaroan ez da ezagutu zelulak nola egokitzen diren oxigeno mailetan gertatzen diren aldaketetara, baina, gaur saritu dituzten hiru zientzialariek, prozesu horren azpian dauden mekanismo molekularrak argitu dituzte.
Medikuntzako sariaren irabazlearen ostean, Fisikako, Kimikako eta Literaturaren Nobel saridunen berri emango dute datozen egunotan. Halaber, Bakearen eta Ekonomiaren Nobel sariak nortzuk irabazi dituzten jakinaraziko dute.
Aurten, salbuespen gisa, bi literatura-sari iragarriko dituzte (2018koa eta 2019koa). Izan ere, iaz ez zuten Literaturaren Nobel saririk eman, Suediako Akademian eragina izan zuten sexu abusuen eta filtrazioen eskandaluaren ondorioz.
Abenduaren 10ean emango dituzte sariak, Alfred Nobelen heriotzaren urteurrenean. Stockholmgo Konserthus aretoan eta Osloko udaletxean emango dituzte.
Izan ere, Norvegiako hiriburuan Bakearen Nobel saria ematen da, Suediako handikiak eskatuta. Bere garaian, Suediako Erreinuaren parte zen Norvegia.
Arlo bakoitzako saridunak bederatzi milioi koroa suediar (831.000 euro inguru) jasoko ditu aurten, eta, kategoria batean saridun bat baino gehiago izanez gero, saria elkarren artean banatu beharko dute.