Itxi

Saria

James Peeblesek, Michel Mayorrek eta Didier Quelozek jaso dute Fisikako Nobel saria

EITB.EUS

Leer en Castellano

Medikuntzako Nobel sariarekin bezala, Fisikakoa hiru gizonezkok partekatuko dute. Unibertsoaren eta Lurrak kosmosean duen lekuaren ezagutzan hirurek egindako ekarpena saritu nahi izan du Akademiak.

Aurtengo saridunak. Argazkia: @NobelPrize

James Peebles AEBko zientzialariak eta Michel Mayor eta Didier Queloz suitzarrek irabazi dute aurtengo Fisikako Nobel saria, Suediako Zientzia Akademiak gaur jakinarazi duenez. Unibertsoaren garapenaren eta Lurrak kosmosean duen lekuaren ezagutzan hirurek egindako ekarpena saritu nahi izan du Akademiak.

Atzo Medikuntza Nobel sariarekin gertatu zen bezala, Fisikakoa ere hiru gizonezkok partekatu beharko dute. Datozen egunetan, Kimikako, Literaturako, Bakearen eta Ekonomiako Nobel sarien irabazleak iragarriko ditu Akademiak.

Epaimahaiaren arabera, Peeblesek "kosmologia fisikoan aurkikuntza teorikoak" egin ditu. 70eko hamarkadan, hondoko mikrouhin-erradiazioen gorabeheren propietate garrantzitsuenak atzeman zituen Princeton Unibertsitateko irakasle horrek. Gerorago, unibertsoaren egituraren deskribapen estatistikoaren oinarriak garatu zituen.

Mayorrek —Genevako Unibertsitateko Astronomia Departamentuko irakaslea— eta Quelozek —Genevako Unibertsitateko astronomoa hori ere— "eguzkiaren moduko izar baten inguruan orbitatzen duen exoplaneta bat" topatu zuen 1995ean: 51 Pegasi b izena jarri zioten.

Albisteak (2)