Itxi

Nafarroa Oinez 2019

Nafarroako ikastolen egun handia, Tuteran

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Lau gune egongo dira 3.200 metroko ibilbidean zehar: Argia, Etorkizuna, Aniztasuna eta Alaitasuna. Joan-etorrietarako autobus zerbitzua jarriko dute Tuteratik Nekazaritzako Elikagaien Hirira.

Argia ikastolako ikasleak, irekiera ekitaldian. Argazkia: Jon Artano, Euskadi Irratia.

Abian da Nafarroa Oinez 2019 Tuteran. Argia ikastola izan da aurtengo edizioa antolatzeko arduraduna, eta antolatzaileek Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiria hautatu dute ibilbidea osatzeko. Lau gune prestatu dituzte, 3.200 metroko ibilbidean zehar: Argia, Etorkizuna, Aniztasuna eta Alaitasuna.

Aurtengo edizioan, iaz hasitako erronka inklusiboarekin jarraitzeko, ibilbidea prestatzeko garaian ez ezik, panelak eta seinaleak jartzerakoan ere behar bereziak dituzten pertsonak kontuan hartu dituztela adierazi dute Arguiñe Korta Argia ikastolako zuzendariak eta Maru Eriz lehendakariak. CERMIN, EUNATE, ONCE eta AMIMET elkarteek ibilbidea ahalik eta inklusiboena egiten lagundu dute.

1.500 boluntario baino gehiago egongo dira gaur lanean, eta antolatzaileek "azken deia" egin dute Tuterara ahalik eta jende gehien hurbil dadin "euskararen festa berriro ospatzeko".

Edizio honetan Errigora ekimena omenduko du Argia ikastolak, eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak, berriz, Dani Lopez. Ikastolen eta euskararen alde "inplikazio itzela" erakusteagatik omenduko dituztela esan dute antolatzaileek.

Joan-etorrietarako autobus zerbitzua jarriko dute Tuteratik Nekazaritzako Elikagaien Hirira. Herrian bertan 3 geraleku izango ditu: Diaz Bravo, Estazio plaza eta Zangozako Merindadea.

Argia, Etorkizuna, Aniztasuna eta Alaitasuna guneetarako ekimen ugari prestatu dituzte antolatzaileek. Musika eskaintzari dagokionez, kontzertu gune nagusiak Alaitasuna eta Etorkizuna izango dira, Modus Operandi, Afu, Urtz, Zopilotes Txirriaos eta Oihan Vega dira oholtzaratuko diren izen esanguratsuenak. Gainera, egun guztian zehar hainbat talde ibiltari ibiliko dira ibilbidea alaitzeko.

Argazkia: Jon Artano, Euskadi Irratia.

Kontzertuez gain, Erronkak ere zer esana emango du. Gune guztietan proba ezberdinak egin beharko dituzte 11 ikastoletako partaideek. Sari-banaketa Etorkizuna gunean izango da, 14:00etan.

Hurbildu ezin dutenentzat

Tuterara joateko aukera ez dutenentzat, Argia ikastolari laguntzeko hainbat aukera aurkeztu dituzte: zirkuitu birtualeko zatiak erostea, Oinez Basoa proiektuan zuhaitz bat babestea edo Nafarroa Oinezen web-orrialdean agertzen den kontu zenbakian ekarpen ekonomikoak egitea.